Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Hauts Asteazkenaren ondorengo Osteguna

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Bedeinkazinoa eta madarikazinoa jarten deutsudaz gaur aurrean.

Honan berba egin eutsan Moisesek herriari: «Begiratu, bizia eta zoriona, heriotzea eta zorigaitza jarten deutsudaz gaur aurrean. Entzuten badozuz gaur nik emoten deutsudazan Jaunaren, zeure Jainkoaren, aginduak, Jauna, zeure Jainkoa, maitatuz, haren bidean ibiliz eta haren agindu, lege eta erabagiak betez, biziko zara, eta ugarituko eta bedeinkatuko zaitu Jaunak, zeure Jainkoak, jabetzan hartzera zoazen lurraldean.

Baina zure bihotza okertzen bada, entzuten ez badozu eta jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta hareek gurtzeko tentazinoari amore emoten badeutsazu, gaur iragarten deutsut guztiz hondatuko zareala, eta ez dozula luzaro iraungo, Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazen lurraldean.

Zeru-lurrei deitzen deutset gaur zure aurka testigu: bizia eta heriotzea, bedeinkazinoa eta madarikazinoa jarten deutsudaz aurrean. Zuk eta zure ondorengoek bizi gura badozue, aukeratu egizu bizia, Jauna zeure Jainkoa maitatuz, haren esana entzunez eta Hari lotuz. Horretan dago zure bizia eta hortik jatortsu Jaunak zure guraso Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro biziteko ahalbidea».

R/ Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizakia.

Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez deutsana,

hobendunen bidean ez dabilena,

lotsabakoen batzarrean jezarten ez dana.

Bestetara, Jaunaren legean atsegin dauana,

gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.

Ur ertzean aldaturiko zuhaitza lakoa izango da,

bere sasoian emoten dau frutua,

eta orririk ihartzen ez jako,

zeregin guztietan ondo doakio. R/.

Ez holan gaiztoak, ez holan:

haizeak daroan lastoa lakoak izango dira.

Zintzoen bidezain Jauna dago-eta;

gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.

Bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbau egingo dau.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufridu behar dau; zaharrek, abadeburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil, baina hirugarren egunean biztu egingo da».

Eta honan esaten eutsen guztiei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi eguneroko bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia salbau gura dauanak galdu egingo dau; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbau egingo dau. Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau?»