Urratu egizuez bihotzak, ez soinekoak.
Hau dino Jaunak:
«Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
barauz, negarrez eta doluz.
Urratu egizuez bihotzak, ez soinekoak;
Bihurtu zaiteze Jaunagana, zeuen Jainkoagana,
bihozbera eta errukitsua da-eta,
hasarregaitza eta maitasun handikoa,
bere mehatxuez damutzen dana.
Behar bada atzera egin eta damutuko da,
eta bedeinkatuko zaitue ostera,
labore- eta isur-oparia eskeini deiozuen
Jaunari, zeuen Jainkoari.
Jo turuta Sionen, antolatu baraualdia,
dei egin batzarrera;
batu herria batzar santura,
batu zaharrak, ekarri umeak, baita bularrekoak ere.
Urten begi senarrak ezkongelatik,
emazteak ezkon-ohetik.
Negar egin begie atari eta altara bitartean
abadeek, Jaunaren zerbitzariek.
Esan dagiela: Parkatu, Jauna, parkatu zeure herriari;
ez itzi lotsatan zeure ondarea,
ez dagiela menperatu atzerritarrek,
ez dagiela esan beste herriek:
Non dabe, bada, euren Jainkoa?»
Bere lurraldeaganako maiteminez bete zan Jauna
eta parkatu eutsan bere herriari.
Salmoa · Sal 50, 3-4. 5-6ab. 12-13. 14 y 17 (R.: cf. 3a)
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →Ezkutuan ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu saria.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jentaurrean, ikusi zagiezan! Bestela, ez dozue zeruetan dagoan Aitaren saririk izango.
Limosnea emotean, beraz, ez ibili aurretik turuta joten, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibilten diran lez, jenteak txalotu dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk limosnea emotean, ostera, ez begi jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskumeak; holan, zure limosnea ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.
Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez; horreek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutunik otoitz egitea maite dabe-eta, jenteak ikusi dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zu, ostera, otoitz egitean, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoan zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.
Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak lez, aurpegia itsusitu egiten dabe-eta, barau egiten dabela jenteari agertzeko. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk, ostera, barau egitean, igurtzi zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jenteak ez, ezkutuan dagoan zure Aitak baino ikusi dagian zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.