Berotu egizue alkar egunero, «gaur» hori izan daiteken artean.
Senideok: Espiritu Santuak honan dino:
«Gaur Jaunaren berbea entzuten badozue,
ez gogortu zeuen bihotzak,
errebelde izan zineenean lez,
tentaldi-egunean basamortuan lez.
Han tentatu egin ninduen zuen asabek,
Ni aztertu nahirik,
nahiz eta nire egintzak berrogei urtez ikusi izan.
Horregaitik, hasarratu egin nintzan gizaldi haregaz,
eta esan neban:
"Bide okerretik dabil beti horreen bihotza;
ez dabez aintzat hartzen nire bideak".
Horregaitik, zin egin neban hasarre:
"Ez dira sartuko nire atsedenean"».
Begira, senideok, ez dagiala zuetako inork izan Jainko biziagandik aldenduko dauan bihotz gaizto eta sinesbakorik. Bestela baino, adoretu egizue alkar egunero, Liburu Santuak dinoan «gaur» horrek irauten dauan artean, zuetakorik inor gogortu ez daiten, pekatuak engainatuta. Izan ere Kristoren partaide gara-eta, hasierako jarrereari azkeneraino sendo eusten badeutsagu.
R/ Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!: «Ez gogortu zeuen bihotza».
V/. Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa!:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.
V/. Berrogei urtez gogait eragin eustan belaunaldi harek,
eta esan neban: «Bihotz desleialeko herria dira,
ez dabez ezagutzen nire bideak».
Orduan, zin egin neban hasarre:
«Ez dira sartuko nire atsedenean». R/.
Itzi eban lepreak, eta garbi gelditu zan.
Aldi haretan, legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutsan: «Nahi badozu, garbitu naikezu». Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Nahi dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutsan legenak, eta garbi gelditu zan.
Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu abadeakana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dagien».
Ha, ostera, urten ebaneko, jazotakoa oihuka iragarten eta zabaltzen hasi zan, eta harrezkero ezin zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan leku bazterretan. Holan ere, edonondik etorkion jentea.