Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko I. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Gauza guztietan senideen antzeko izan behar eban, errukiorra izan zedin.

Familia bereko seme-alabek odol eta haragi bat bera daben lez, Jesusek giza odol-haragiak hartu zituan, bere heriotzaz heriotzaren nagusia dan deabrua ezerezteko, eta heriotzearen bildurrez euren bizitza osoan esklabo bizi ziranak askatzeko; ha ez zan-eta aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baino. Horregaitik, gauza guztietan bere senideen antzeko izan behar eban, abade nagusi errukitsu eta Jainkoari jagokozan gauzetan fidagarri izateko, herriaren pekatuak parkatzeko gai.

Bera ere nekeetan probatua izan zalako, gauza da orain probaldian dagozanei laguntzeko.

R/ Gogoan dauka Jaunak, betiko egin eban ituna.

Edota

Aleluia!

Eskerrak Jaunari, oihukatu Haren izena,

ezagutuazo atzerrietan Haren egintza bikainak.

Ahoz eta salterioz eresi egiozue,

Haren mirari guztiak zabaldu egizuez. R/.

Gailendu zaiteze Haren izen santuaz,

poztu bedi Jaunaren bila dabilzanen barrua.

Bilatu egizue Jauna eta Haren ahalmena,

bilatu beti Haren aurpegia. R/.

Haren morroi Abrahamen hazia zareenok,

Haren aukeratu Jakoben semeok.

Jauna dogu gure Jainko,

Haren erabagiek balio dabe lur guztirako. R/.

Gogoan dauka, betiko egin eban ituna,

Berak mila gizaldirentzat berbea emona.

Abrahamegaz egin eban alkargoa,

Isaaki emon eutsan zin berbea. R/.

Harek asko osatu zituan era guztietako gaitzetatik.

Aldi haretan, Jesus sinagogaitik urten eta Simon eta Andresen etxera joan zan zuzenean, Santiago eta Joanegaz. Simonen amaginarrebea oheratuta egoan sukarragaz; bat-batean, haretaz berba egin eutsoen Jesusi. Joan jakon Jesus ondora, eskutik hartu eta jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutsan, eta zerbitzen hasi jaken.

Arratsaldean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. Herri guztia batu zan atarian. Eta harek gaixo asko osatu zituan, edozein zala ere hareen gaitza, eta deabru asko bota. Deabruei ez eutsen izten berbarik egiten, baekien-eta nor zan.

Goizean goiz, oraindino ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han otoitzean jardun eban. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziran eta, aurkitzean, esan eutsoen: «Jente guztia zure bila dabil».

Harek, ostera, erantzun: «Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horreetan ere Barriona iragartera, horretarako urten dot-eta». Holan, Galilea guztitik zehar ibili zan, hango sinagogetan Barriona iragarten eta deabruak botaten.