Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko I. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Ahalegindu gaitezan atseden horretan sartzen.

Senideok: Bildur izan behar dogu, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoan bitartean, zuetarikoren bat sartu barik gelditzea jazo ez daiten. Guri ere emon deuskue Barriona, gure asabei lez; baina honeei ez eutsen balio izan entzundako berbak, ez eben-eta sinesmenaren bidez bat egin entzun ebenakin.

Gu, ostera, sinesten badogu, sartu gaitekez Jainkoaren atsedenean, esana dagoan lez:

«Horregaitik, zin egin neban hasarre:

"Ez dira sartuko nire atsedenean"».

Egia esan, mundua egin ebanetik amaituak zituan Jainkoak bere lanak, honan esaten dau-eta Liburu Santuak zazpigarren egunaz:

«Zazpigarren egunean

atsedena hartu eban

Jainkoak bere lan guztietatik».

Baina aitatu dogun pasartean, «Ez dira sartuko nire atsedenean» esan jaku.

Ahalegindu gaitezan, bada, atseden horretan sartzen, gure aurrekoak lez sinesgogorkerian inor jausi ez daiten.

R/ Ez ahaztu Jainkoak eginak.

Guk entzunak eta ikasiak,

gurasoek guri jaulkiak,

hareen seme-alabei ez deutseguz gordeko,

datorren gizaldiari deutsaguz azalduko.

Jaunaren gorespenak eta Haren ahalmena,

eta egiten dituan mirariak. R/.

Jakinazo deieezala euren seme-alabei,

uste ona Jainkoagan dagien ipini.

Harek eginak ahaztu ez dagiezala;

aldiz, Harek aginduak bete dagiezala. R/.

Ez beitez jazo gurasoen antzera,

gizaldi gorbizi eta bihurri;

bihotza sendotu ez eban gizaldia,

Jainkoaren gogoari leial ez jakona. R/.

Gizonaren Semeak badau lurrean, pekatuak parkatzeko eskubidea.

Egun batzuen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zan barriro, eta etxean egoaneko barria zabaldu zan. Batu zan jentetzeagaz ez egoan inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazoten eutsen.

Haretan, elbarri bat ekarri eutsoen lau lagunen artean. Baina jentetzagaitik ezin eben eroan Jesuseganaino. Orduan, bera egoan parean etxegaina zulatu eta zulotik behera eraitsi eben elbarria, etzunik egoan ohatilan. Jesusek, hareen sinesmena ikusirik, esan eutsan elbarriari: «Seme, parkatuak dozuz pekatuak!»

Baziran han jesarrita lege-maisu batzuk, eta hau inoen euren barruan: «Zer diharduk Honek holan? Biraoka diharduk. Nork parkatu leikezak pekatuak, Jainkoak berak izan ezik?»

Baina Jesusek bere barruan hareen gogoetak igarri eta esan eutsen: «Zergaitik dozuez gogoeta horreek zeuen barruan? Zer da errazago, elbarriari "parkatuak dozuz pekatuak" esatea ala "jagi, hartu ohatila eta zabilz" esatea? Orain ikusiko dozue, bada, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena. Eta esan eutsan elbarriari: "Zeuri dinotsut: Jagi, hartu ohatilea eta zoaz etxera".

Bat-batean jagi, ohatilea hartu eta guztien aurrean urten eban. Danak harriturik gelditu ziran, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Ez dogu sekula holakorik ikusi».