Egoki iritzi eutsan, salbamenaren egilea oinaze bidez bere betera eroateari.
Jainkoak ez dau aingeruen mende jarri aitatzen dihardugun etorkizuneko mundua. Liburu Santuan, hain zuzen, hauxe esana dau norbaitek:
«Zer da gizakia, Zu haretaz oroitzeko,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko?
Ia aingeruen pareko egin dozu,
aintzaz eta ohorez koroatu dozu;
guztia haren menpean jarri dozu».
Beraz, Jainkoak dana gizakiaren menpean jarri badau, ez dau ezer itzi haren menpeko egin barik. Holan ere, oraindino ez dogu ikusten gauza guztiak gizakiaren menpe dagozanik. Baina aingeruen pareko egina izan dan Jesus ha aintzaz eta ohorez koroatua ikusten dogu, jasan eban heriotzagaitik; izan ere, Jainkoaren ondoguraz, guztien onerako jasan eban-eta heriotzea.
Egoki zan, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga danak, seme-alaba asko aintzara eroan nahirik, Jesus, hareek salbamenera gidatuko zituan burua, oinazeen bidez bete-beteko egitea. Izan ere, bai santu egiten dauan Jesusek, bai honek santu egiten dituanak, jatorri bera dabe danek. Horregaitik, Jainkoaren Semeari ez deutso lotsarik emoten honeei «senide» deitzeak; hau esaten dau-eta:
«Zure izena iragarriko deutset neure senideei,
goretsiko zaitut batzarraren erdian».
R/ Jauna, zeure eskulan guztien buru / gizakia jarri dozu.
V/.
Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!
Zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.
V/.
Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.
V/.
Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.
Jesus eta ikasleak Kafarnaumera heldu ziran. Eta, zapatuan sinagogan sarturik, irakasten hasi zan Jesus. Jente guztia txunditurik egoan haren irakazpenaz, nagusitasunez irakasten eutsen-eta, ez lege-maisuek lez.
Bazan, hain zuzen, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihuka esan eban: «Zer dok gugaz, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua».
Jesusek gogor eraso eutsan: «Isildu hadi eta urten gizon horregandik!» Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutsan eta, garrasi handia eginez, urten egin eban gizonagandik.
Danak ikaraturik gelditu ziran, alkarri itaunka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zelako nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen deutse, eta obeditu egiten deutsoe!»
Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.