Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko I. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.

Askotan eta era askotara berba egin eutsen antzina Jainkoak Profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin ere Beraren bidez egin eban-eta mundua.

Bera da Jainkoaren aintzaren disdira eta haren izatearen irudia. Berak eusten deutse gauza guztiei bere berba indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena ere hareena baino goragokoa dan ezkero.

Izan ere, zein aingeruri esan deutso inoiz:

«Nire Seme zara Zu;

Neuk zaitut gaur sortu»?

Eta beste behin:

«Aita izango nau Harek Ni

eta Seme izango dot Nik Ha»?

Bere Lehen-semea barriro munduan sartuazotean, dino:

«Gurtu begie Bera Jainkoaren aingeru guztiek».

R/ Ahuspeztu zaiteze Jainkoaren aurrean Haren aingeru guztiak.

Jauna errege da! Alaitu bedi lurbira,

poztu bediz uharte guztiak!

zuzena eta bidezkoa ditu bere aulkiaren oinarri. R/.

Adierazoten dau ortziak Haren zuzentasuna,

herri guztiek ikusten dabe Haren edertasuna.

Haren aurrean ahuspeztuko dira jainko guztiak. R/.

Zu, Jauna, Goi-goiko, lur guztiaren gainetik,

oso goi zagoz jainkotxo guztien gainetik. R/.

Bihozbarritu zaiteze eta sinestu barri ona.

Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barriona iragarten eban. Honan esaten eban: «Betea da sasoia, eta hur da Jainkoaren erregetza. Bihozbarritu zaiteze eta sinestu Barriona».

Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Nigaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.

Aurreratxoago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster, dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo mutilekin ontzian itzirik, Jesusen ondoren joan ziran.