Nire aginduak aintzakotzat hartu bazenduz.
Honan berba egiten dau Jaunak, zure askatzaileak,
Israelgo Santuak:
*Nik, Jaunak, zure Jainkoak,
on jatzuna erakusten deutsut,
ibili behar dozun bidean gidatzen zaitut.
Ai nire aginduak aintzakotzat hartu bazenduz!
Ibaika izango zenduke zoriona,
uholdeka salbamena.
Itsas hondarra baizen ugari izango litzatekez zure ondorengoak;
hondar-aleak beste zure seme-alabak;
hareen izena ez litzateke amatauko,
ez nire aurretik ondatua izango+.
R/ Zure atzetik datorrenak izango dau, Jauna, bizirako argia.
Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesarten ere;
Jaunaren legean atsegin dauana baino,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.
Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk ihartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.
Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzeko dira.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.
Ez deutsoe entzuten ez Joani, ez Gizonaren Semeari.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: *Noren antzeko dala esango neuke gizaldi hau? Plazan jesarrita dagozan umeen antzekoa da; honan oihu egiten deutsee-eta batzuek besteei:
"Soinua jo deutsuegu, eta zuek dantzarik ez;
hiletak jo, eta zuek aienerik ez".
Izan ere, etorri zan Joan Bateatzailea, ez jan ez edan egiten ez ebala, eta deabruak hartuta dagoala dinoe. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauala, eta honan dinoe: "A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta pekatarien adiskidea". Baina egiteek Jainkoaren jakituriari emon deutsoe arrazoia+.