Kristogan uste on izan genduan, eta zuek ere, agindutako Espiritu Santuaz seinalatuak izan zaree.
Senideok: Kristoren bitartez gara oinordeko gu ere, israeldarrok lehendik Mesiasegan itxaroten genduanok, gauza guztiak Berak gura ebazan lez egiten dituan Jainkoak aurrez aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorespen-kantu izan gaitezan.
Eta zuek ere egiaren mezua, salbatzen zaituen Barriona, entzun eta Mesiasegan sinestu dozuenok, agindutako Espiritu Santuaz zigiluz lez markatuak izan zaree. Espiritua da hartuko dogun ondarearen baietza, Jainkoak berea egin dauan herria askapen osora helduko danaren segurantzea, Jainkoaren aintzaren gorespen-kantu izateko.
R/ Bai dohatsu,Jaunak bere oinorde autatu dauan herria!
Egin poz-oihu, zintzoak, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan ere, Ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo Harentzat hamar hariko harpea. R/.
Zuzena da-eta Jaunaren berbea,
fidagarria Harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea ditu maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
Harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.