Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVIII. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Calixto I aita santua eta martiria (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Kristorenak diranek kurutzeratuta dauke haragia, beronen grinakin.

Senideok: Espirituak gidatzen bazaitue, ez zagoze Legearen menpe. Giza grinetatik sortzen diran egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, nasaikeria, idolatria, sorginkeria, areriokeria, hasarrea, bekaizkeria, gorrotoa, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak, ikusezina, mozkorkeria, sabelkeria eta holakoak. Eta lehen esan neutsuena dinotsuet barriro ere: holan jokatzen dabenek ez dabe Jainkoaren erreinua ondaretzat jasoko.

Espirituaren frutua, barriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, ondonahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea. Ez da Legerik holakoak gaitzetsiko dituanik. Eta Kristo Jesusenak diranek kurutzean hilazo dabe pekatuzko euren giza izaerea, beronen gurari eta grinekin. Bizia Espirituak emoten badeusku, jokatu ere jokatu dagigun Espirituaren arabera.

R/ Zure atzetik datorrenak izango dau, Jauna, bizirako argia.

Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,

pekatarien bidean ez dabilena,

ezta lotsabakoen batzarrean jesarten ere;

Jaunaren legean atsegin dauana baino,

haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:

emoten dau bere sasoian frutua,

eta ez jako orririk ihartzen;

egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

Ez holan gaiztoak, ez holan,

haizeak daroan galautsaren antzeko dira.

Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;

gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

Zoritxarrekoak zuek, fariseuok! Zoritxarrekoak zuek, legelariok!

Aldi haretan, Jaunak esan eban: «Ai zuek, fariseuok! Ortuaririk kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dozuez, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, barriz, alde batera izten. Honeek bete behar zenduezan, hareek baztertu barik.

Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan aurreneko aurkiak eta plazetan jentearen agurrak maite dozuez!

Ai zuek! Ikusten ez diran hilobiak lakoak zaree, jentea konturatu barik hareen gainetik dabil-eta».

Orduan, lege-maisu batek esan eutsan: «Maisu, holan berba eginez, geu ere iraindu egiten gaituzu». Jesusek erantzun eutsan: «Ai zuek ere, lege-maisuok! Eroanezineko zamak leporatzen deutsezuez besteei, eta zeuek atzamar batez ere ikutu ez».