Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVI. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Jeronimo presbiteroa eta doktorea (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Gizakiak ezin izan daike arrazoirik Jainkoaren kontra.

Jobek esan eutsen bere adiskideei:

«Bai, badakit benetan holan dala,

gizakiak ez dauala arrazoi Jainkoaren kontra;

Haregaz eztabaidan hasi gura badau,

milatatik behin ezin izango deutsola erantzun.

Jakituriaz eta indarraz hornituta egonda ere,

nork egingo deutso aurre eta kalte barik gelditu?

Mendiak, ohartu barik, tokiz aldatzen ditu Berak,

irauli egiten ditu bere hasarrean;

lurra bere oinarrietatik astintzen dau,

eusten deutsoen zutabeak dardaratuazoz.

Harek agindu ezkero, eguzkiak ez dau urteten,

izarrak ezkutuan izten ditu.

Berak bakarrik zabaltzen ditu zeruak

eta oinpean hartzen itsasoko uhinak.

Berak sortzen ditu konstelazinoak

eta ortziko izar-multzo guztiak.

Ulermena gainditzen daben mirariak egiten ditu,

gauza harrigarriak, ezin konta ahala.

Neure ondora etorri eta ez dot ikusten;

ondo-ondotik igaro eta ez naz ohartzen.

Zeredozer hartzen badau, nork esan bihurtzeko?

Nork esango berari: "Zertan diharduzu?"

Ni izango ete naz, bada, erantzungo deutsana?

Nik aurkituko ete argudioak beraren aurka?

Arrazoia baneu ere, ez neuskio erantzungo,

neure salatzaileari erregutu beharko neuskio;

nik dei egin eta Harek erantzungo baleust ere,

ez dot uste nire erreguari jaramon egingo leikeonik».

R/ Heldu bekizu, Jauna, nire eskaria.

Egun osoan Zuri deika nago, Jauna,

eskuak luzatuz Zugana.

Egingo ete dozu miraririk hildakoen alde?

Jagiko ete dira kerizpeak Zu goratzera? R/.

Iragarten ete dabe hilobian zure maitasuna,

hondamen-leizean zure leialtasuna?

Ezagutzen ete dabez zure mirariak ilunpeetan,

zure salbamen-asmoa gomutapenik bako lurraldean? R/.

Baina nik, Jauna, deadar dagizut Zuri,

goiz-goizetik doa Zugana nire otoitza.

Jauna, zergaitik nozu zapuzten,

zergaitik deustazu aurpegia gordeten? R/.

Jarraituko deutsut edonora zoazala.

Aldi haretan, Jesus eta ikasleak bidez joiazala, batek esan eutsan: «Nahinora jarraituko deutsut». Jesusek erantzun eutsan: «Azeriek badabez zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ostera, ez dau burua non ezarri».

Beste bati esan eutsan: «Jarraitu Niri». Baina harek erantzun: «Jauna, itzi egidazu lehenengo neure aitari lur emotera joaten». Jesusek erantzun eutsan: «Itzi hildakoei euren hildakoei lur emoten; zu zoaz Jainkoaren erreinua iragartera».

Beste batek, barriz, esan eutsan: «Jarraituko deutsut, Jauna, baina itzi egidazu lehenengo etxekoei agur egiten». Jesusek erantzun eutsan: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen dauana ez da gai Jainkoaren erreinurako».