Nik badakit, nire Salbatzailea bizi dala.
Jobek esan eban:
«Erruki nitaz, erruki, ene adiskideok,
Jainkoak berak zauritu nau-eta.
Zergaitik erasoten deustazue zuek ere, Jainkoak lez,
zergaitik ez zaree ni narrutzeaz aspertzen?
Ai nire berbak idatzita geldituko balira,
liburuan ezarrita!
Edota burdinazko eztenaz eta berunaz
betiko grabatuta haitzean!
Nik badakit nire eskubidearen babeslea bizi dala
eta, azkenean, hautsaren gainetik jagiko dala.
Nire narruazal hau hondatu ondoren,
gorputz barik, Jainkoa ikusiko dot.
Nik neuk ikusiko dot, eta ez bestek;
neure begiez ikusiko dot.
Bihotza sutan dot neure barruan!»
R/ Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizidunen lurrean.
V/.
Entzun, Jauna, nire dei-hotsa,
erruki zakidaz eta erantzun.
Bihotzak esaten deust:
«Bilatu egizu haren aurpegia». R/.
V/.
Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zu zaitut-eta laguntza. R/.
Hareen gainean kokatuko da zuen bakea.
Aldi haretan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izentatu eta bere aurretik bialdu ebazan binaka, Bera joatekoa zan herri eta leku guztietara.
Eta esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bialdu dagizala langileak bere uztara. Zoaze, bildotsak otso artera lez bialtzen zaituet. Ez eroan poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten.
Edozein etxetan sartzen zareela, esaizue lehenengo: "Bakea etxe honetakoei!" Eta han bakezalerik bada, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, barriz, zuen bake barik geldituko dira. Gelditu zaiteze etxe berean; eta jan eta edan daukenetik, zor jako-eta langileari bere saria.
Ez ibili etxez etxe.
Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituee, jan jarten deutsueenetik, osatu bertako gaixoak eta esaiezue: "Hurrean dozue Jainkoaren erreinua".
Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituee, urten plazara eta esan: "Oinetan itsatsi jakun zuen herriko hautsa ere hor astintzen deutsuegu. Dana dala, jakizue hurrean dala Jainkoaren erreinua".
Hona nik esan: auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango dau, herri harek baino».