Jainkoak aukeratu ginduzan, bere Semearen irudiko izan gaitezan.
Senideok: Badakigu Bera maite dabenen onerako bideratzen dituala Jainkoak gauza guztiak, bere aurre-erabagiaz deitu eutsenen onerako, hain zuzen ere.
Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu ere egin ebazan Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zaitezen eta, holan, Semea senide askoren artean lehen-seme izan eiten. Aurrez aukeratu ebazanei deitu ere egin eutsen; deituak, barriz, zuzentzat hartu ebazan: eta zuzentzat hartutakoak aintzaz bete.
R/ Pozaren pozez nago Jaunarekin.
V/.
Nik zure maitasunean dot konfiantza;
poztu dadila nire bihotza zure garaipenaz. R/.
V/.
Orduan kantuz ekingo deutsat Jaunari,
egin deustan onagaitik. R/.
JESU Kristoren sortzea holan gertatu zan:
Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.
Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk “Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria pekatuetatik».
Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:
«Begira, birjinak sabelean sortu
eta semea izango dau,
eta Emmanuel ipiniko deutsoe izena
(izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».
Jaunak esana.