Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XX. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Joan Eudes Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Ahotik kenduko deutsedaz nire ardiak, eta ez dabez gehiago euren janari izango.

Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, berba egin nire izenean Israelgo artzainen aurka, berba egin nire izenean artzainei: "Hau dino Jainko Jaunak: Zoritxarrekoak euren burua bazkatzen daben Israelgo artzainak! Ez al da artaldea artzainek bazkatu behar dabena? Esnez elikatzen zaree, artilez janzten eta aumerik gizenenak hilten dozuez, baina ez dozue artaldea zaintzen. Ez dozuez ahulak indartzen, ez gaixoak osatzen, ezta zaurituak lotzen ere; ez dozuez desbideratuak artaldera ekarten, eta galdutakoen bila ere ez zaree joaten, eta indarrez eta gogorkeriaz ezarri deutsezue zeuen agintea. Eta, artzain barik, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu. Mendi eta muinoetan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatuta, eta inor ez da haretaz arduratzen, ez haren bila joaten".

Entzun, beraz, artzainok, Jaunaren berbea: "Ala Ni Jainko Jauna! Nire artaldea narrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da, artzainik ez daualako, eta nire artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; bestetara, euren burua zaindu dabe eta ez nire artaldea". Horregaitik, entzun, artzainok, Jaunaren berbea: Hau dino Jainko Jaunak: "Artzainen kontra ekingo deutsat: neure artaldea bihurtzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako; holan, ez dabe aurrerantzean euren burua bazkatuko; horreen agin artetik atara egingo ditut ardiak eta ez dabez barriro elikagai izango".

Hau dino-eta Jainko Jaunak: "Ni Neu egingo naz artaldearen kargu, Neu arduratuko haretaz"».

R/ Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.

V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrizanean;

larre gurietan etzunarazoten nau,

ur-bazter nasaira eroaten

eta indarrak deustaz barritzen;

bide segurutik naroa,

bere izenari ohore eginez. R/.

Bekaizti izan behar al dozu zuk, ni eskuzabala nazalako?

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz mahasti-nagusiagaz lez jazoten da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. Eguneko zidarrezko txanpon batean berbatu ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.

Goizeko bederatziak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk plazan lan zain ikusirik, esan eutsen: "Zoaze zuek ere nire mahastira eta ordainduko deutsuet bidezko dana". Eta hareek ere joan egin ziran. Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban. Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, beste batzuk oraindino geldi aurkiturik, esan eutsen: "Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?" Hareek erantzun eutsoen: "Ez gaitu inork lanerako hartu". Harek, orduan: "Zoaze zuek ere nire mahastira".

Iluntzean mahasti-nagusiak esan eutsan arduradunari: "Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara". Etorri ziran, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana hartu eben. Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago hartuko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana hartu eben.

Orduan, nagusiaren kontra txarto-esaka hasi ziran, eta esan eutsoen: "Azkeneko honeek ez dabe ordubete besterik lan egin, eta gugaz bardindu dozuz, egun guztiko nekea eta beroa jasan dogunokin". Baina nagusiak erantzun eutsan hareetako bati: "Adiskide, ez deutsut bidebakokeriarik egiten. Ez al ginan zidarrezko txanpon batean berbatu? Hartu dagokizuna eta zoaz. Zuri beste emon gura deutsat azkeneko honi ere. Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala inbidia dozu, ni ona nazalako?"

Holan, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».