Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XX. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Zuk, gizon izanik eta ez jainko, zure bihotza Jainkoaren pareko egin dozu.

Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, esaiozu Tiroko erregeari: Hau dino Jainko Jaunak: Harropuzturik, hau esan dozu: "Jainkoa naz eta jainko-tronuan nago jesarrita, itsasoaren erdian"; baina zu gizaki hutsa zara eta ez jainkoa, nahiz eta Jainkoaren pareko zarala uste dozun. Daniel bera baino jakintsuagoa ei zara! Ez da ezer zuk ez dakizunik. Zeure jakituriaz eta trebeziaz egin zara aberats: urrea eta zidarra metatu dozuz zeure gordailuetan; merkataritzarako zenduan trebetasunaz erruz ugaritu dozuz ondasunak, eta aberastasunak harropuztu egin zaitu».

Beraz, hau dino Jainko Jaunak: «Zeure burua Jainkoaren pareko egin dozulako, atzerritarrak ekarriko ditut zure kontra, herrien arteko ankerrenak; zure jakituriaren emoitzik ederrenak desegingo dabez ezpataz eta zure ospe disdiratsua loituko. Hildakoen tokira jatsiazoko zaitue eta heriotza gogorra emongo deutsue itsasoaren erdian. Zeure hiltzaileen aurrean jarraituko ete dozu jainko zarala esaten, zuk, gizaki huts zaran horrek?" Sinesbakoei jagoken heriotza lotsagarria izango dozu atzerritarren eskuetan, Nik, Jainko Jaunak esan dot-eta».

R/ Neuk dot hilten, Neuk bizia emoten.

“Israeldarrak sakabanatzea pentsau neban,

euren oroitzapena ere gizartetik desagertuazotea;

baina etsaien irainen bildur nintzan,

arerioek, oker ulertuz,

hau pentsauko eben bildur:

Geure ahalmenaz nagusituko gara,

hori ez da Jaunak egina”

Zentzuna galdu dauan jentea da,

ezer ulertzeko gauza ez dana. R/.

Zelan daiteke, izan ere,

gizon batek mila persegitzea,

gizon bik hamar milari ihes eragitea,

babes-harkaitz daben Jaunak saldu

eta arerioen eskuetan itzi ditualako ez bada? R/.

Hur dago hareen ondamendia,

berandu barik etorriko da

hareentzat prestauta dagoana.

Defendatuko dau Jaunak bere herria,

errukituko da bere zerbitzariez. R/.

Errezago da gamelua jostorratz begitik pasatzea, aberatsa zeruetako erreinuan sartzea baino.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:

«Benetan dinotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Barriro dinotsuet: orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».

Berbok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, honan inoen: «Nor salbau daiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana daike».

Orduan, Pedrok esan eutsan: «Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?»

Jesusek erantzun eutsen: «Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau erabarritzean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesartean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta Nigaitik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, ehun halako hartuko dau eta betiko bizia jasoko ondare lez.

Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira, eta orain azkenengo diranak lehenengo».