Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XX. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Ezekiel izango dozue ezaugarri; harek egin dauana bera egingo dozue.

Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, bat-batean kenduko deutsut zeure begien pozgarri dozun emaztea; baina zuk ez egin dolurik, ez hasi aieneka eta negarrez. Egin negar isilean, baina ez egin ohiko dolurik; jantzi buruzapi eta oinetakoak, ez estaldu aurpegia eta ez jan hileta-ogirik».

Goizean berba egin neutsan herriari; arratsaldean hil jatan emaztea eta biharamunean bete neban agindutakoa.

Herriak esan eustan: «Ez al deuskuzu azaldu behar zer esan gura dauan egiten diharduzunak?» Erantzun neutsen: «Hau esan eustan Jaunak: "Berba egiozu Israel herriari: Hau dino Jainko Jaunak: Zuen babesleku eta harrogarri, begien pozgarri eta bihotzen lilurapena dan neure santutegia profanatuko dot. Jerusalemen itzi zenduezan seme-alabak gerran hilgo dira. Orduan, Ezekielek egin dauana egingo dozue: ez dozue aurpegia estalduko, ezta hileta-ogirik jango ere. Ez dozuez buruzapiak eta oinetakoak kenduko, ez dozue dolu egingo, ez negarrik, zeuen txarkeriakaitik agortuko zaree ostera eta alkarren artean negar-zotinka ibiliko. Ezekiel seinalea izango da zuentzat: harek egin dauan guztia egingo dozue. Eta hori jazotean, orduan jakingo dozue Neu nazala Jainko Jauna"».

R/ Sortu zaitueena, zeuen Harkaitza, baztertu dozue.

Sortu zaitueena, barriz, zeuen Harkaitza,

baztertu egin dozue,

mundura ekarri zaitueena

ahaztuta itzi.

Seme-alaben iraina ikustean,

baztertu egin zituan Jaunak. R/.

Esan eban:

Ezkutau egingo deutset aurpegia,

eta ikusiko dot zer amaiera dauken,

jente gaiztotua da-eta,

leialtasun bako seme-alabak. R/.

Jainko ez ziranengana joz mindu ninduen,

euren idolo alperrekoz iraindu;

herri ez dan bategaz minduko ditut nik ere,

nazino ergel baten bidez irainduko. R/.

On-ona izan nahi badozu, zoaz, saldu dozuzenak, eta izango dozu zeruan gordailu bat.

Aldi haretan, gazte batek Jesusegana hurreratu eta esan eutsan: «Maisu, zer onik egin behar dot, betiko bizia eskuratzeko?» Jesusek erantzun eutsan: «Zergaitik itauntzen deustazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi badozu, bete aginduak».

Harek, barriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aitamak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez».

Gazteak, orduan: «Guzti hori bete dot; zer falta dot oraindino?» Jesusek erantzun eutsan: «Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Niri».

Berba honeek entzutean, nahigabeturik joan zan gaztea, ondasun handien jabe zan-eta.