Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Urtean Zehar XX Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Batuko ditut arrotzak nire mendi santuan.

Hau dino Jaunak:

«Gorde zuzenbidea, egin justizia,

Bereala helduko da-eta nire salbamena,

agertuko nire garaipena.

Jaunaren kultu-zerbitzurako, haren izena maitatzeko

eta haren morroi izateko,

zapatua profanatu barik gordeten

eta nire itunean leial irauten daben guztiak

nire mendi santura ekarriko ditut,

eta pozez beteko nire otoitz-etxean;

onartuko ditut nire altara gainean

hareen erre-opariak eta sakrifizioak;

nire etxea otoitz-etxe da-eta,

eta holan deituko dabe herri guztiek».

R/ Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek.

Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala,

Agertu deigula aurpegi alaia;

ezagutu dagien lurrean zure bidea,

herri guztietan Zugandiko salbamena. R/.

Poztu beitez kantari atzerriak,

zuzenbidez daroazu-eta izadia;

zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,

eta zaintzen lurrean atzerriak. R/.

Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek,

ospatu zagiezala herri guztiek.

Jainkoak bedeinkatu gagizala,

lur bazter guztiek bildur izan deioela. R/.

Ezin aldatuak dira Israelentzat Jainkoaren dohaiak eta deia.

Senideok: Zuei, jentiloi, dinotsuet: «Jentilen apostolu nazanez, ospetsu egin gura dot neure zerbitzu hau, ea neure jatorrikoen jelosia biztuten dodan eta horreetako batzuen batzuk salbatzen dodazan. Israeldarrak baztertzetik Jainkoagaz baketzea etorri baldin bajako munduari, zer ete jatorko Jainkoak hareek barriro onartzetik? Heriotzatik bizira bihurtzea izango litzateke hori!

Behin betikoak dira Jainkoaren dohaiak eta deia. Zuek, sasoi batean Jainkoagaz errebelde zineenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia dozuenez, era berean hareek ere: orain errebelde bihurtu dira zuei egin jatzuen errukiari esker, errukia lortu dagien. Jainkoak errebelde izaten itzi eutsen-eta gizon-emakume guztiei, danei erruki izateko».

Emakume, handia da zure sinimena!

Aldi haretan, Jesus Tiro eta Sidongo lurraldera aldendu zan. Haretan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar bat deadarka hasi jakon: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakidaz! Oinaze gorritan dauko deabruak nire alabea». Baina Jesusek ez eutsan berbarik erantzun.

Ikasleak, hurreraturik, erreguka ziharduen: «Egiozu kasu, eta doala, deadarka jatorku-eta atzetik». Jesusek, ostera: «Israel herriko ardi galduakana bakarrik bialdu nau Jainkoak».

Baina emakumea, hurreraturik, ahuspez jarri jakon, esanez: «Lagundu egidazu, Jauna!» Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea». Emakumeak erantzun eutsan: «Bai, Jauna, holantxe da; baina txakurrek ere jan ohi dabez nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak».

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Emakumea, handia da zure fedea! Jazo bekizu gura dozuna». Eta une haretatik osatuta gelditu jakon alabea.