Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVIII. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Cayetano Santua / Sixto II eta lagunak (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Zoritxarrekoa zu, uri odolzalea!

Hara, badator mendiz mendi

bakearen barria dakarren albistaria.

Ospatu zeure jaiak, Juda,

bete zeure agintzariak.

Gaizkilea ez da gehiago zugana etorriko,

zeharo ezereztuta gelditu da-eta.

Jaunak barriro jasoten dau

Jakoben herriaren handitasuna,

Israelen ospea;

mahastia lez narrutu eben harrapariek,

mahats-aihenak hondatuz.

Zoritxarrekoa zu, Ninive uri odolzale hori,

maltzurkeriaz eta indarkeriaz betea,

beti harrapakin bila zabilzana!

Entzun zigor-zartadak, gurpilen zarata-hotsa,

zaldien zalapartea, gudu-gurdien trinki-tranka!

Zaldizkoen oldarra,

ezpaten disdira,

lantzen tximistak!

Zaurituak piloka,

hilak metaka,

hilotzak ezin konta ahala!

Hilotzetan estropezu egiten da.

Zikinez estalduko zaitut,

eta laidoz beteko, danen begi aurrean.

Ikusiko zaituen guztiak

aldendu jatzuz, esanez:

«Hondatua gelditu da Ninive;

nor errukituko jako?

Non aurkituko kontsolatuko dauanik?»

R/ Neuk dot hilten, Neuk bizia emoten.

Hur dago hareen ondamendia,

berandu barik etorriko da hareentzat prestatuta dagoana.

Defendatuko dau Jaunak bere herria,

errukituko da bere zerbitzariez. R/.

Baina orain, begira: Ni naz, neu bakarrik,

ez da ni beste jainkorik!

Neuk ditut heriotza eta bizia emoten,

neuk dot zauritzen eta osatzen. R/.

Nire ezpata disdiratsua zorroztu

eta eta justiziari ekitean,

mendeku hartuko dodala

arerioen aurka eta euren merezia emongo

gorrotoa deustenei. R/.

Zer emon daike gizakiak, bere bizia eskuratzeko?

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.

Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso. Egia dinotsuet: hemen diranetako batzuk ez dira hilgo, Gizonaren Semea errege lez etorten ikusi arte».