Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Jaunaren Antzaldatzea

Urtean Zehar Jaia A zikloa
🔍 Bilatu

Jesu Kristori esker, bizia emoten dauan Espirituaren legeak askatu egin zaitu pekatuaren eta heriotzaren legetik.

SENIDEOK: Ez da kondenazinorik Jesu Kristogaz bat diranentzat. Izan be, Jesu Kristori esker, bizia emoten dauan Espirituaren legeak askatu egin zaitu pekatuaren eta heriotzaren legetik. Legeak giza makalkeriagaitik ezin ebana Jainkoak egin dau, hau da, gurea lako pekatuzko izaeran bialdu dau bere Semea, eta honek, bere burua parkamen-oparitzat eskeiniz, kondenatu egin dau pekatua bere giza izaera hilkorrean. Honan, bete geinke legeak eskatzen dauana, ez gara-eta giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baino.

Jaunak esana.

R/ Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra, poztu bediz uharte ugariak!

Laino eta hodei baltzak ditu inguruan,

justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.

Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,

lur osoaren Jabearen aurrean.

Zeruek haren salbamen-ekintza iragarten dabe,

herri guztiek haren ospea ikusten. R/.

Izan ere, Jauna,

Goi-goiko zara Zu lur guztiaren gainetik,

jainko guztien gainetik gorengo. R/.

Guk geuk entzun genduan zerutik etorritako ahots hori.

Senide maiteok: Jesu Kristo gure Jauna ahalmenezko etorriko dan egunari buruz berba egin geuntsuenean, ez ginan oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baino, geure begiz ikusi genduan-eta haren handitasuna.

Jesusek bere Aita Jainkoagandik hartu zituan ohorea eta aintza, honan esan eutsan-eta Jainkoaren aintza bikainetik etorritako berbeak: Hau da nire Semea, nire maitea; honegan dot neure atsegina. Guk geuk entzun genduan zerutik etorritako berba hori, Beragaz mendi santuan gengozala.

Badogu profeten berbea ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederto egiten dozue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten dauan kriseilua lez da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jagi arte.

Aurpegia eguzkia baizen disdiratsu bihurtu jakon.

Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta honen anaia Joan eta mendi garai batera eroan zituan aparte. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: aurpegia eguzkia baizen disdiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. Haretan, Moises eta Elias agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.

Orduan, Pedrok esan eutsan Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo ditut: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».

Berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu ebazan, eta ahots batek esan eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea, berau dot atsegin. Entzuiozue». Hori entzutean, ahuspez lurrera jausi ziran ikasleak, bildurraren bildurrez.

Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Jagi zaiteze; ez izan bildurrik». Begiak jasorik, Jesus bakarrik ikusi eben, beste inor ez.

Menditik behera jaisterakoan, Jesusek agindu eutsen: «Ez esan inori ikusi dozuen hau, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».