Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Urtean Zehar XVIII Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Zatoze, eta jan ordaindu barik.

Hau dino Jaunak:

«Egarri zareen guztiok, zatoze uretara,

etorri, dirurik ez dozuenok ere;

erosi garia eta jan ordaindu barik,

ardoa eta esnea hutsean.

Zergaitik eralgi dirua

goserik itziko zaitueen janaritan,

eta lansaria

aseko ez zaitueen gauzatan?

Entzun Niri arretaz, eta ondo jango dozue,

janari gozo mamintsuz elikatuko zaree.

Etorri Nigana eta egon adi,

entzuidazue eta biziko zaree.

Betiko ituna egingo dot zuekin,

Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz.

R/ Zabaltzen dozu zure esku hori, Jauna, eta asea emoten deuskuzu.

Errukiorra eta bihozpera da Jauna,

haserregaitza eta ondoguraz betea.

Ona da Jauna guztientzat,

gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R/.

Zuri begira dagoz danak zain,

eta Zuk emiten deutsezu jaten euren sasoian;

zabaltzen dozu eskua,

eta bizidun guztiak ondoguraz dozuz asetzen. R/.

Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,

leiala egintza guztietan.

Bertan dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,

benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.

Ezin izango gaitu ezerk aldendu Kristogan agertzen dan Jainkoaren maitasunetik.

Senideok: Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpateak? Guzti horreetan erraz urteten dogu garaile, maite izan gaituan Hari esker.

Ziur dakit: ez heriotzak eta ez biziak, ez aingeruk eta ez goiko beste indarrek, ez oraingokok eta ez gerokok, ez ezelako agintek, ez ortziko eta ez lur azpiko indarrek, ez beste ezelako izakik, ez gaituala aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunagan agertu deuskun maitasunetik.

Jan eben danek, asetu ziran arte.

Aldi haretan, Joan Bateatzailearen heriotzearen barri jakitean, Jesus bazter batera joan zan bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zan jentea eta oinez jarraitu eutsan herrietatik. Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan ebazan eta gaixoak osatu eutsezan.

Ilunabarrean, ikasleak hurreratu eta esan eutsoen: «Leku bazterra da hau eta orduak aurrera doaz. Bialdu egizu jentea, auzoetara joan eta jatekoa erosi dagian». Jesusek esan eutsen: «Ez dabe zertan joan; emoiezue zeuek jaten». Hareek, orduan: «Ez dogu hemen bost ogi eta arrain bi besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona». Jenteari bedar gainean jesarteko agindu ondoren, hartu ebazan bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Asetzeraino jan eben guztiek, eta gelditutako hondarrakaz hamabi otzara bete batu ebezan. Bost mila gizon inguru ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.