Ananias, ez zara Jaunak bialdua, eta herri honi guzurraren bidez emoten deutsazu uste ona.
Judako Sedekiasen erregeaaldiko laugarren urtean, bosgarren hilean, Hananias profeteak, jatorriz Gabaongoa zan Azurren semeak, tenpluan Jeremiasegaz topo egin eta abadeen eta herri guztiaren aurrean esan eutsan:
«Hau dino Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: "Apurtu egin dot Babiloniako erregearen buztarria, eta urte biren buruan bihurtuazo egingo ditut toki honetara Babiloniako errege Nabukodonosorrek bertatik hartu eta Babiloniara eroan ebazan Jaunaren tenpluko tresnak. Eta Joakin, Judako errege Joakimen semea eta Judatik Babiloniara erbesteraturik joandako guztiak ere bihurtuazo egingo ditut dino Jaunak, izan ere apurtu egingo dot-eta Babiloniako erregearen buztarria"».
Jeremias profeteak erantzun eutsan Hananias profeteari tenpluan egozan abadeen eta herri osoaren aurrean: «Amen! Holan egingo ahal dau Jaunak! Beteko ahal ditu zuk iragarritako berbak eta bihurtuazoko Babiloniatik Jaunaren tenpluko tresnak eta erbesteratu guztiak! Baina entzun ondo zeuri eta herri osoari esaten deutsuedan hau: "Ni eta zu baino lehen ere, beti izan dira profetak, eta horreek gerra, gosea eta izurria iragarri ebezan herrialde askorentzat eta erreinu ahaltsuentzat. Profeteak bakea iragarten badau, ostera, haren berbea betetean bakarrik jakingo da benetan Jaunak bialdutakoa dala"».
Orduan, Hananias profeteak, Jeremiasen lepotik buztarria kendurik, apurtu egin eban eta herri osoaren aurrean esan eban: «Hau dino Jaunak: "Holantxe apurtuko dot, urte biren buruan, Babiloniako errege Nabukodonosorren buztarria, eta herri guztien lepotik kenduko dot"». Orduan, Jeremias profetea bere bidetik joan zan.
Hananias profeteak Jeremiasen lepoko buztarria apurtu eta alditxo batera, hau esan eutsan Jaunak Jeremiasi: «Zoaz eta esan Hananiasi: "Hau dino Jaunak: Zurezko buztarria apurtu dozu, bai, baina Nik, haren ordez, burdinazkoa egingo dot". Beraz, hau dino Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: "Burdinazko buztarria ezarten deutset lepoan herri guzti honei, Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan daitezan; basapiztiak eurak ere haren menpe izten ditut».
Jeremias profeteak esan eutsan, orduan, Hananias profeteari: «Entzun orain, Hananias: "Ez zara Jaunak bialdua, eta guzurrezko konfiantza emoten deutsazu herri honi. Horregaitik, hau dino Jaunak: Desagertuazo egingo zaitut lurraren gainetik. Aurten hilgo zara, zeure berben bidez Jaunaren kontra jartera eroan dozu-eta herria"». Hananias profetea urte haretan bertan hil zan, zazpigarren hilean.
R/ Erakutsi niri, Jauna, Zuk ezarriak.
Aldendu nigandik jokabide faltsua
eta emoidazu zeure legearen dohaia.
Ez aldendu nire ahotik berba egiazkoa,
zure erabagietan dot-eta itxaropen. R/.
Betorkidaz, ostera, Zuri begirune deutsuenak,
zure aginduak ezagutzen dabezanak.
Bego nire bihotza akats barik zure arauetan,
lotsagarri geratu ez naiten. R/.
Gaiztoak zelatan ditut ni galtzeko;
baina ni zure aginduetara erne nago.
Ez naz zure erabagietatik aldentzen,
Zuk deustazu-eta irakasten. R/.
Jan eben danek, asetu ziran arte.
Aldi haretan, Joan Bateatzailearen heriotzearen barri jakitean, Jesus bazter batera joan zan bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zan jentea eta oinez jarraitu eutsan herrietatik. Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan ebazan eta gaixoak osatu eutsezan.
Ilunabarrean, ikasleak hurreratu eta esan eutsoen: «Leku bazterra da hau eta orduak aurrera doaz. Bialdu egizu jentea, auzoetara joan eta jatekoa erosi dagian». Jesusek esan eutsen: «Ez dabe zertan joan; emoiezue zeuek jaten». Hareek, orduan: «Ez dogu hemen bost ogi eta arrain bi besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona». Jenteari bedar gainean jesarteko agindu ondoren, hartu ebazan bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Asetzeraino jan eben guztiek, eta gelditutako hondarrakaz hamabi otzara bete batu ebezan. Bost mila gizon inguru ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.