Jainkoak bialdu nau ni zuokana, berba guzti honeek zuei esatera.
Abadeek eta profetek esan eutseen buruzagiei eta herri osoari: «Gizon honek heriotzea merezi dau, uri honen kontra berba egin dau-eta Jaunaren izenean, zeuen belarriz entzun dozuen lez».
Orduan, Jeremiasek buruzagiei eta herriari esan eutsen: «Jaunak bialdu nau, entzun deustazuen guztia tenplu honen eta uri honen aurka beraren izenean iragartera. Zuzendu, beraz, zeuen jokabidea eta egintzak eta obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta damutuko da Jauna zuen aurka iragarri dauan zigorraz. Ni, barriz, zeuen esku nozue; egin nigaz ondo eta zuzen begitantzen jatzuena. Baina jakin, ni hilten banozue, errubage baten heriotzaren erantzule izango zareela, bai zuek eta bai uri hau eta bertako biztanleak, benetan Jainkoak bialdu nau-eta zuokana, esan deutsuedan guztia iragartera».
Orduan, buruzagiek eta herri osoak esan eutseen abadeei eta profetei: «Gizon honek ez dau heriotzarik merezi, Jaunaren, geure Jainkoaren, izenean berba egin deusku-eta».
Holan, Ahikamek, Xafanen semeak, bere babespean hartu eban Jeremias, eta ez zan jausi hil nahi eban jentearen eskuetan.
R/ Zure grazi-egunean, entzun nagizu, Jauna.
Atara ni lokatzetik, ez naitela hondoratu;
libratu nagizu gorroto deustenakandik
eta ur handietatik.
Ez nagiala ur-lasterrak eroan,
ez nagiala zurrunbiloak iruntsi,
ez dagiala putzuak ahoa nire gainean itxi. R/.
Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko. R/.
Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabilzenok.
Izan ere, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gutxiesten Hari lotuak. R/.
Herodesek Joani samea ebagiazo eutsan; eta haren ikasleak Jesusi barri emotera joan ziran.
Aldi haretan, Jesusen barri jakin eban Herodes Galileako gobernariak, eta esan eutsen bere zerbitzariei: «Joan Bateatzailea da! Hildakoen artetik biztu da, eta horregaitik dauko mirariak egiteko ahalmen hori».
Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zan Herodias. Joanek honan esaten eutsan Herodesi: «Ez jatzu zilegi emazte hori eukitea». Herodesek hil egin nahi eban, baina jentearen bildur zan, profetatzat euken-eta danek.
Baina Herodesen urtebetetean, Herodiasen alabeak dantzan egin eban guztien aurrean eta atsegin izan jakon Herodesi. Haregaitik, eskatu ahala guztia emongo eutsala agindu eutsan neskatileari zin eginez. Neskatileak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutsan Herodesi: «Emoidazu oraintxe bertan Joan Bateatzailearen burua platerean». Ilun jarri zan erregea; baina mahakideen aurrean egindako zinagaitik, eskatutakoa emoteko agindu eban, eta Joani samea ebagi eutsoen kartzelan. Platerean burua ekarri eta neskatileari emon eutsoen, eta neskatileak amari.
Joanen ikasleek haren gorpua jasotera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.