Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVII. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Marta, Maria eta Lazaro Santuak (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Zergaitik ez dau azkenik nire oinazeak? Nigana bihurtzen bazara, nire aurrean egongo zara.

Ai, ama, hau zoritxarra nirea,

danekin eztabaidan eta auzitan jarduteko

ekarri ninduzun-eta mundura!

Ez deutsat inori ezer zor, ez deust inork ezer zor;

holan ere, danek madarikatzen nabe.

Zure berbak nigana heltzerakoan,

iruntsi egiten nituan;

horreek nituan neure poza,

nire bihotzeko gozamena,

Zeuretzat sagaratua nozu-eta,

Jauna, Jainko ahalguztiduna.

Ez naz atsegin bila ibili jaizaleekin batera;

bakarrik ibiltera behartu nozu,

zeure suminaz bete nozu eta.

Zergaitik azken bako oinaze hau?

Zergaitik da osatu ezina nire zauria,

Erremedio bakoa?

Zelan bihurtu zara niretzat

itxura huts dan ur engainagarri?

Orduan, Jaunak erantzun eustan:

«Nigana bihurtzen bazara, bihurtuazoko zaitut

eta neure zerbitzura hartuko barriro.

Baliotsu dana balio bakoa danetik bereizten badozu,

nire bozeroaile izango zara.

Bihurtu daitezala hareek zugana,

eta ez zu hareekana.

Herri honen aurrean,

brontzezko hesi sendo egingo zaitut;

burruka egingo deutsue,

baina ez jatzuz nagusituko,

zeugaz nozu-eta Ni,

salbatzeko eta askatzeko —dino Jaunak—.

Libratuko zaitut gaizkileen eskuetatik,

askatuko erasotzaileen ukabiletatik».

R/ Nire nahigabe egunean Jauna dot ihesleku

Ene Jainko, libratu nagizu arerioakandik,

gorde ni erasotzaileakandik.

Libratu nagizu gaizkileakandik,

salbatu hiltzaileakandik. R/.

Begira, zelatan dagoz nire kontra,

azpijokoan dabilkidaz ahaltsuak.

Ez dot hobenik, ez pekaturik egin, Jauna;

errubakoa nazan arren, bizkor prestatzen dira erasora. R/.

Zuri begira nago, ene indar,

Zeu zaitut-eta gordeleku, ene Jainko.

Jainko leiala ondora jat etorriko,

Harek nau arerioen lepotik poztuazoko. R/.

Nik, ostera, zure indarra dot kantatuko,

goizean zure maitasuna poz-oihuz ospatuko,

Zeu izan zaitut-eta babesleku,

larrialdian ihesleku. R/.

Soinua joko deutsut, ene indar Horri,

Zeu zaitut-eta, Jainko, neure babesleku,

Zeu neure Jainko leiala. R/.

Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz

Aldi haretan, sartu zan Jesus herritxo baten, eta Marta eritzon emakume batek bere etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko aizta bat; eta hau Jaunaren oinetan jarrita, Haren berbea entzuten egoan.

Martak, barriz, baeukan nahiko lan etxeko zereginetan; eta, aurrean jarri eta esan eutsan Jesusi: “Jauna, ez ete deutsu bape ardura, nire aizteak ni lanean bakarrik izteak? Esaiozu niri laguntzeko”. Eta Jaunak erantzun: “Marta, Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz; eta bat bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderik onena aukeratu dau, eta ez jako hoti kenduko”.