Buztina lapikogilearen eskuan dagoan lez, holan zagoze zuek nire eskuan.
Jaunak esan eutsan Jeremiasi: «Jatsi zaitez lapikogilearen lantegira. Han adierazoko deutsut neure mezua».
Jatsi nintzan, beraz, lapikogileagana eta lanean aurkitu neban tornuan. Buztinez eta eskuz egiten ziharduan ontzia hondatzen bajakon, beste bat egiten eban, bere gogokoa.
Orduan, bere mezua adierazo eustan Jaunak: «Israel herri, ez ete daiket egin Nik zuekin lapikogile honek lez? dino Jaunak. Begira! Zelan buztina lapikogilearen eskuetan, holan zaree zuek, israeldarrok, nire eskuetan».
R/ Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana.
Edota: Aleluia.
V. Goratu begi nire arimak Jauna!
Goratuko dot Jauna bizi nazan artean,
soinua joko deutsat neure Jainkoari nazan artean. R/.
V. Ez izan konfiantzarik handikiengan,
inor salbatzeko gauza ez dan gizakiagan.
Arnasak alde egitean, hauts bihurtzen da,
eta akabo orduan haren egitasmoak. R/.
V. Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna bere Jainkoa itxaropen dauana.
Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horreetan dagoan guztia. R/.
Onak otzararako bereizten dabez, eta txarrak kanpora botaten.
Aldi haretan, esan eutsan Jesusek jenteari: Era berean, zeruetako erreinuagaz itsasora bota eta mota guztietako arrainak batzen dituan sareagaz lez jazoten da. Beterik dagoanean, bazterrera ataraten dabe eta, jesarririk, onak otzarara batzen dabez eta txarrak kanpora botaten. Holan jazoko da munduaren azkenean: aingeruak etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiztu egingo dabez eta su-labara botako. Han izango dira negarra eta agin-karraskadea!» Jesusek itaundu eutsen ikasleei: «Ulertu al dozue guzti hau?» «Bai», erantzun eutsoen. Eta Jesusek: «Beraz, zeruetako erreinuko ikasle egin dan lege-maisua, bere altxorretik zahar eta barriak ataraten dituan etxeko jaunaren antzekoa da».
Jesusek, parabola honeek amaitu ebazanean, alde egin eban handik.