Gomutau zaitez, Jauna, eta ez hausi gugaz dozun alkargoa.
Urtzen dagoz nire begiak negarrez,
gau eta egun eten barik;
nire herria neskatila ederra,
ezbehar izugarriak jo dau-eta,
zauri guztiz larriak.
Landara urten, eta ezpataz hilak edonon,
urira sartu, eta jentea goseak hilten.
Abadeak eta profetak batetik bestera dabilz,
ezer ulertu ezinik.
Jauna, guztiz itzi al dozu Juda?
Iguindu egin al zara Sion uriaz?
Zergaitik jo gaituzu osatu ezinezko gaitzez?
Bakearen zain gengozan, baina ez dogu onik;
osasunaldia itxaroten genduan,
baina bildur-ikara besterik ez.
Autortzen dogu, Jauna, geure gaiztakeria
eta geure asaben errua,
Zure aurka egin dogu-eta pekatu.
Zarana zaralako, ez gagizuz itzi,
ez mesprezatu Sion, zeure tronu aintzatsua.
Gogoratu egizu eta ez hausi
gugaz eginda daukazun ituna.
Jentilen idoloek ezin dabe euririk emon,
ezta zeruek ere eurenez zaparradarik.
Zuk egiten dozuz guzti horreek.
Ez al zaitugu Zu, Jauna, geure Jainkoa?
Zugan gure irxaropena.
R/ Zure izenaren ederragaitik, atara gagizuz, Jauna, gatxetik
Ez leporatu guri aurrekoen erruak!
Betorkigu laster zure errukia,
lur jota gagoz-eta guztiz. R/.
Lagundu egiguzu, gure Jainko salbatzaile horrek,
zeure izenari ohore eginez;
libratu gagizuz eta parkatu gure pekatuak
zeure izenaren ohoreagaitik. R/.
Heldu bedi Zuganaino presoen aienea,
libratu zeure indar handiaz heriotzara kondenatuak.
Eta guk, zure herri honek, Zeuk larratutako artalde honek,
eskerrak emongo deutsuguz beti,
zure gorapena zabalduko dogu gizaldiz gizaldi. R/.
Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, holan izango da munduaren azkenean.
Aldi haretan, jentea agurturik, etxera joan zan Jesus. Orduan, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Argitu egiguzu soloko galbedarraren parabolea».
Jesusek erantzun eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da, soloa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; galbedarra erein dauan arerioa deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-batzaileak aingeruak.
Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, holan jazoko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko ditu, eta haren erreinutik bereiztu egingo dabez gaizkileak eta besteentzat gaizpide izan diranak, eta su-labara botako dabez. Han izango dira negarra eta agin-karraskadea! Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira, euren Aitaren erreinuan. Belarririk daukonak entzun begi».