Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVII. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Ezertarako gauza ez dan gerrikoaren pareko egingo da herri hau.

Jaunak esan eustan: «Zoaz linozko gerrikoa erostera; jantzi gerrian, baina ez garbitu uretan». Erosi neban gerrikoa, Jaunak esan eustan lez, eta gerrian jantzi.

Jaunak barriro berba egin eustan: «Hartu egizu erosi eta jantzi dozun gerrikoa; zoaz Eufrates ibaira eta gorde egizu hango hartzulo batean». Joan nintzan, bada, eta Eufrates ibaian gorde neban, Jaunak agindu eustan lez.

Handik denboraldi batera, Jaunak esan eustan: «Zoaz Eufrates ibaira eta hartu han gordeteko agindu neutsun gerrikoa». Joan nintzan Eufratesera, zulatu gordelekua eta atara neban gerrikoa: ustelduta egoan eta ez eban ezertarako balio.

Orduan, Jaunak berba egin eta esan eustan: «Hau dino Jaunak: "Holantxe ustelduko dot Judaren eta Jerusalemen harrokeria neurrigabea. Herri gaizto honek ez ditu nire berbak entzun nahi eta bere barru-joera gaiztoei jarraitzen deutse. Jainko arrotzen ondoren dabil, horreek zerbiduz eta gurtuz. Horregaitik, ezertarako balio ez dauan gerriko honen pareko izango da herri hori. Zelan gerrikoa gizonaren gerriari lotzen jakon, holantxe nahi izan nituan —dino Jaunak— Israel eta Juda herriak Niri lotu, nire herri, nire ospe, nire gorespen eta ohore izan zeitezan. Baina ezentzun egin eusten"».

R/ Sortu zaitueena, zeuen Harkaitza, baztertu dozue.

Sortu zaitueena, barriz, zeuen Harkaitza,

baztertu egin dozue,

mundura ekarri zaitueena

ahaztuta itzi.

Seme-alaben iraina ikustean,

baztertu egin zituan Jaunak. R/.

Esan eban:

Ezkutau egingo deutset aurpegia,

eta ikusiko dot zer amaiera dauken,

jente gaiztotua da-eta,

leialtasun bako seme-alabak. R/.

Jainko ez ziranengana joz mindu ninduen,

euren idolo alperrekoz iraindu;

herri ez dan bategaz minduko ditut nik ere,

nazino ergel baten bidez irainduko. R/.

Mostaza hazia zuhaitz egiten da; etorten dira txoriak, eta haren adarretan egiten dabe habia.

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsan jenteari: «Zeruetako erreinua gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten danean, beste barazki guztiak baino handiagoa bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».

Beste parabola hau ere esan eutsen: «Zeruetako erreinua legaminaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-urunetan nahastetan dau, eta oraldi guztia harrotzen da».

Irakaspen guzti hau parabola bidez emon eutsan Jesusek jenteari, eta ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Honan bete zan Jainkoak profetearen bidez esana:

«Parabola bidez berba egingo dot,

munduaren hasieratik gordeta egoana azalduko».