Hautsetan etzunda egozanak kantari dira esnatuko.
Zintzoaren bidea zuzena da:
Zuk egiten dozu, Jauna,
zintzoaren bidea zuzen.
Zuk ezarritako bidean gabilzala, Jauna,
Zugan dogu itxaropena;
zure izena eta oroipena irrikatzen doguz.
Nire arimak Zu irrikatzen zaitu gauean,
nire barruak Zu bilatzen goizean.
Zuk zeure guraria munduari azaltzean,
zuzentasuna zer dan ikasten dabe lurreko biztanleek.
Jauna, bakea emongo deuskuzu,
Zeuk burutzen dozuz-eta gure egintza guztiak.
Jauna, estualdian zure bila ibili gara,
zure zigorra jasan dogunean
otoitza isuri deutsugu.
Umea izateko zorian, minez bihurrituta,
garrasi egiten dauan emakumearen antzeko ginan,
Jauna, zure aurrean.
Umedun ginan eta erdiminetan,
baina haizea besterik ez dogu egin:
ez deutsagu lurrari salbamenik ekarri,
ezta munduari umerik emon ere.
Biztuko dira zure hildakoak,
jagiko hareen gorpuak;
lurpean etzundakoak esnatuko dira
eta pozez oihuka ekingo,
iruntza lez bialtzen dozu-eta argia,
eta lurpetik argitara ataraten hildakoak.
R/ Jaunak begiratu dau lurrera zerutik.
Zu, ostera, Jauna, errege zara betiko,
zure oroitzapena menderen mendetarako.
Jagi eta errukia izango deutsazu Sioni,
bada-eta haretaz errukitzeko sasoia;
heldua da ordua.
Maite dabez zure zerbitzariek hango harriak,
penaz dagoz hango hondakinakaitik. R/.
Begirunea izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,
lurreko errege guztiek haren aintzari,
Jaunak Sion barriro eregitean
eta Bera aintzaz betea agertzean.
Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,
ez dau gitxietsiko haren eskaria. R/.
Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,
eta sortzear dagoan herriak goratuko dau Jauna.
Jaunak bere santutegi garaitik begiratu egin dau, *
zerutik lurrera begiratu,
gatibuen intziriak entzuteko
eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.