Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XV. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Entzun dot zure eskaria, eta ikusi ditut zure malkoak.

Egun hareetan, larri gaixotu zan Ezekias erregea. Amotzen seme Isaias profetea erregeagana joan eta esan eutsan: «Hau dino Jaunak: "Konpondu etxeko gorabeherak, bat-batean hilgo zara-eta"». Ezekiasek orduan aurpegia hormeari emon eta honan egin eutsan otoitz Jaunari: «Arren, Jauna! Gogoratu zaitez leial eta zintzo jokatu dodala beti zugaz, atsegin jatzuna eginez». Eta negarrari emon eutsan saminez.

Orduan, Jaunak agindu eutsan Isaiasi Ezekiasengana bihurtu eta mezu hau emoteko: «Hau dino Jaunak, zure asaba Daviden Jainkoak: Entzun dot zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Hara, beste hamabost urtez luzatuko deutsut bizia. Libratuko zaituet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dot uri hau».

Isaiasek pikuz eginiko enplastoa ekarteko agindu eban eta Ezekiasen zauriaren gainean ezarteko, osatu eiten. Ezekiasek itaundu eutsan Isaiasi: «Zer izango dot barriz ere Jaunaren tenplura joango nazanaren ezaugarri?» Isaiasek erantzun: «Hau izango dozu Jaunak agindutakoa beteko dauan ezaugarria: "Akazen mailadian, jatsiak dituan hamar mailak igoazoko deutsadaz eguzkiaren kerizeari"». Eta eguzkiaren kerizeak jatsiak ebazan hamar mailak igon ebazan barriro.

R/ Jauna, Zeuk gorde dozu hero-zulotik nire bizia.

Hau pentsau neban:

Bizitzako sasoirik onenean joan behar;

Hildakoen egoitzara naroe,

gainerako bizi-urteak kentzen deustez. R/.

Hau pentsau neban:

Ez dot gehiago Jauna ikusiko

bizidunen lurrean,

eta ez gizakirik

mundu honetako bizilagunen artean. R/.

Bizia kentzen deuste

eta urrun eroaten,

artzainaren oihal-etxola lez.

Ehotzen amaitu ondoren,

ehuleak mozten dauan

ehunaren antzeko da nire bizia. R/.

Jaunak gordetzen dituenak biziko dira,

eta ni ere eurekin biziko naz;

osatu egin nozu, bizia barritu deustazu! R/.

Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da.

Aldi haretan, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Ikasleak goseak egozan eta galburuak ebagi eta jaten hasi ziran.

Hori ikustean, fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Begira, zapatuz zilegi ez dana egiten dihardue zure ikasleek».

Harek erantzun: «Ez al dozue irakurri zer egin eban Davidek, bera eta lagunak goseak aurkitu ziran batean? Zelan Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebezan, legez ez berak ez bere lagunek, abadeek bakarrik baino jan eikeezanak?

Edota ez al dozue irakurri Moisesen Legean abadeek zapatu guztietan hausten dabela tenpluan atseden-legea, horregaitik errudun izan barik? Ba, Nik dinotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago dan norbait. Ulertu bazendue zer esan gura dauan Jainkoak esandako honek: "Nahiago dot errukia sakrifizioak baino", ez zeunkeezan errubageok gaitzetsiko. Izan ere Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da-eta».