Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XIV. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Jaunagana joteko sasoia da.

Mahatsondo mardula zan Israel,

frutu ugari emoten ebana.

Zenbat eta frutu gehiago,

orduan eta altara gehiago;

zenbat eta lurra aberatsago,

orduan eta zutarri sakratuak dotoreago.

Banatuta dauko bihotza,

eta orain ordaindu egin beharko dau:

Jaunak berak apurtuko deutsoz altarak,

lurrera botako zutarri sakratuak.

Orduan esango dabe: «Ez dogu erregerik,

ez deutsagu-eta Jaunari begirunerik izan.

Baina erregeak ere zer egin daike guretzat?»

Samariarenak egin dau:

badoa haren erregea,

ezpala ur-azalean lez.

Hondatuak izango dira

muinoetako sasikultu-lekuak,

Israeli pekatura eragin eutsoenak;

sasiak eta laharrak hartuko ditu altarak.

Orduan, esango deutsee mendiei: «Estaldu gagizuez»,

eta muinoei: «Jausi zaiteze gure gainera».

Erein zuzentasuna,

eta maitasuna jasoko dozue;

landu solo barria,

Jaunagana joteko sasoia dozue-eta,

Bera etorri eta salbamena isuri deizuen

euria lez.

R/ Bilatu egizue beti Jaunaren aurpegia.

Kantatu egiozue, jo soinua Harentzat,

kontatu haren mirari guztiak.

Harrotu zaiteze haren izen santuaz,

poztu bihotzez Jaunaren bila zabilzenok. R/.

Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,

bilatu eten barik haren aurpegia.

Ekarri gogora Harek egindako mirariak,

haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.

zuek, haren morroi Abrahamen jatorrikook,

Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok.

Bera da Jauna, gure Jainkoa,

lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

Zoaze galduta dabitzan Israel etxeko ardietara.

Aldi haretan, Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu gaiztoak botateko eta gaitz eta gaixo guztiak osatzeko.

Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengo Simon, Pedro deritzona, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.

Hamabi horreek bialdu ebazan Jesusek, ohar honeek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean ere, joan, ostera, Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoazela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua.