Haizea erein dabe, eta ekatxa jasoko.
HONAN berba egiten dau Jaunak:
«Nik aukeratu bakoak izentatu dabez errege,
nire oneretxirik barik izentatu buruzagiak.
Euren zidar eta urrez jainko-irudiak egin dabez,
euren buruaren galbide.
Higuingarria Samariak gurtzen dauan zekorra.
Hasarre-sutan nago neure herriaren kontra:
noiz helduko ete dira garbi izatera?
Irudi hori artisau israeldar batek egina da, eta ez da jainko.
Samariako zekorra zati-zati egingo dabe.
Izan be, haizea erein dabe, eta ekatxa jagiko;
garaurik bako galburuak urunik ez,
eta, izango baleu be, atzerritarrek jango leukie.
Altarak ugaritu ditu Efraimek pekatua kentzeko,
baina pekatu-bide izan jakoz altarok.
Nik milaka lege idatzita be,
ez ditu beretzat hartzen.
Opariak eskeintzea dabe atsegin eta oparigaien haragia jatea;
baina Jaunak ez ditu onartzen.
Orain hareen gaiztakeriez gogoratuko da,
euren pekatuakaitik kontuak eskatuko deutsez,
eta Egiptora bihurtu beharko dabe».
Jaunak esana.
R/ Israel etxeak uste on Jaunagan dau.
Gure Jainkoa zeruan dago
eta nahi dauan guztia egiten dau.
Hareen idoloak, barriz, zidar eta urre dira,
gizakien eskulan. R/.
Ahoa bai, eta berbarik ez dabe,
begiak bai, eta ikusten ez,
belarriak bai, eta entzuten ez,
sudurra bai, eta usaintzen ez. R/.
Eskuak bai, eta ikutzen ez,
oinak bai, eta ibilten ez,
hareen eztarriak hotsik ez.
Bihurtu bediz euren antzeko hareen egileak,
hareengan konfiantzea dabenak. R/.
Israeldarrok, izan konfiantzea Jaunagan:
Bera dozue laguntzaile eta babesle.
Aarondar abadeok, izan konfiantzea Jaunagan:
Bera dozue laguntzaile eta babesle. R/.
Uzta ugaria da, baina langileak gitxi.
Aldi haretan, deabruaren menpe egoan mutu bat ekarri eutsoen Jesusi. Honek deabrua bota eban, eta mutua berbetan hasi zan. Jenteak, harriturik, inoan: «Ez da Israelen gaur arte holakorik ikusi».
Fariseuek, barriz, honan inoen: «Deabruen buruzagiaren indarrez botaten ditu Honek deabruak».
Jesus herriz herri eta auzorik auzo ebilen, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Barriona iragarten eta gaitz eta gaixo guztiak osatzen. Jentetza ikustean, erruki izan eban, nekatuta eta lur jota egoan-eta, artzain bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari, bialdu dagizala langileak bere uztara».