Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XIII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Jaunak berba eginik, nork ez iragarri profeta berbea?

Entzun, Israelgo seme-alabok. Hona Jaunak zuen kontra, Egiptotik urten eban familia guzti horren kontra, adierazoten dauan mezua:

«Zuok bakarrik aukeratu zaituet,

lurreko familia guztien artetik;

horregaitik, zuen pekatu guztien kontua

eskatuko deutsuet».

Gizon bi alkarregaz joango ete dira,

lehenengo ados jarri ez badira?

Lehoiak oihanean orrorik egiten ete dau,

harrapakinik ez badau?

Lehoikumeak gordelekutik marruma egiten ete dau,

ezer harrapatu ez badau?

Txoririk jausten ete da lurrera,

lakiorik jarri ez badeutsoe?

Askatzen ete da lakioa lurretik,

ezer harrapatu ez badau?

Jo al daiteke urian turuta,

jentea izutu barik?

Izan al daiteke urian zorigaitza,

Jaunak eragin barik?

Ez, Jainko Jaunak ez dau ezer egiten

bere zerbitzari profetei bere asmoa agertu barik.

Lehoiak orroa egiten dau, nor ez bildurtu?

Jaunak berba egiten dau, nork ez haren mezua zabaldu?

«Irauli egin zaituet,

Sodoma eta Gomorra irauli nituan lez;

sutatik ataratako ilintiaren antzera

libratu zaree.

Holan ere, ez zaree Nigana bihurtu

—holan dino Jaunak—.

Horregaitik, zu zigortzera nator, Israel.

Eta zigortuko zaitudan ezkero,

prestatu zaitez, Israel,

zeure Jainkoaren aurrean agertzeko».

R/ Gidatu nagizu, Jauna, zeure zuzentasunaren bidetik.

V/.

Ez zara Zu gaiztakeria gogoko dauan Jainkoa,

ez deutsazu Zuk gaiztoari harrerarik egiten,

harroek ezin iraun dabe zure begien aurrean. R/.

V/.

Gaizkile guztiak dozuz gorrotatzen,

guzur-ontziak hondatzen.

Hiltzaile eta maltzurrak

higuingarri jatzuz, Jauna. R/.

V/.

Ni, barriz, zure maitasun handiari esker,

sartuko naz zure etxean,

zure tenplu santura begira ahuspeztuko,

begirunez beterik. R/.

Jagi eta haizeari eta itsasoari agindu eutsen; eta barealdi ederra egin zan.

Aldi haretan, Jesusek txalupara igon eban eta ikasleek jarraitu egin eutsoen. Bat-batean, ekaitz handia sortu zan itsasoan, eta olatuek txalupea estaldu egiten eben. Jesus, barriz, lo egoan. Ikasleak hurreratu eta esnatu egin eben, esanez: «Salbatu gagizuz, Jauna! Galtzera goaz!»

Harek esan eutsen: «Zergaitik zaree hain bildur, sineste gitxikook?» Eta, zutundurik, hasarre egin eutsen haizeari eta itsasoari, eta barealdi handia egin zan.

Ikasleek, harriturik, honan inoen: «Nor ete dogu Hau, Berak esana egiten dabe-eta haizeak eta itsasoak ere?»