Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pedro eta Paulo apostoluak

Urtean Zehar Solemnitatea A zikloa
🔍 Bilatu

Bai, egia zan; Jaunak atara nau Herodesen eskuetatik.

Aldi haretan, Herodes erregea eliz alkarteko batzuei gogor erasoten hasi zan. Joanen anaia Santiago ezpataz hilazo eban eta, hori juduei atsegin jakela ikusirik, Pedro ere preso hartu eban. Pazko-astea zan. Pedro atxilotu eta kartzelan sartu eban, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agertuazoteko asmoz. Pedro kartzelan zainduta euken bitartean, eleiz alkartea otoitzean ebilkion haren alde Jainkoari eten barik.

Herodesek ha kartzelatik atara behar eban aurreko gauean, Pedro lo egoan gudari biren artean, kate bigaz lotuta, eta guardiak atean kartzelea zaintzen. Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zan. Aingeruak, saihetsean ikutuz, Pedro esnatuazo eta esan eutsan: Jagi bizkor. Jausi egin jakozan kateak eskuetatik. Gero, aingeruak esan eutsan: Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak. Holan egin eban; eta aingeruak barriro: Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri. Pedrok haren atzetik urten eban; ez ekian aingeruaren bitartez jazoten zana egia zan ala ez; amesetea begitantzen jakon. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera eroian burdinazko ateraino heldu ziran. Atea berez zabaldu jaken eta kanpora urten eben. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik itzi eban Pedro. Jazotakoaz jabeturik, Pedrok esan eban: Orain badakit Jaunak bere aingerua bialdu dauala, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituan asmoetatik askatzera.

R/ Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

Bedeinkatu dagidan aldi guztietan Jauna,

nire ahoan beti Haren gorespena.

Gailendu bekit bihotza Jaunagaz,

poztu beitez apalak hori entzuteagaz. R/.

Handietsi nigaz Jauna,

ospatu dagigun batean Haren izena.

Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan,

bildur guztietatik atara ninduan. R/.

Begiratu egiozue alaitu zaitezen,

zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

Dohakabe honek oihu egin eban, eta Jaunak entzun,

estualdi danetatik atara dau bere eskuz. R/.

Jaunaren aingeruak txabolak ipinten ditu

bildur deutsoenen inguruan, eta babesten ditu.

Txastatu egizue eta ikusi zein samurra dan Jauna;

bai dohatsu Haregana ihesi doana. R/.

Orain prestatuta dago niretzat zuzentasunaren koroia.

Anaia maite hori: Ni neure bizia opari eskeintzeko zorian nago; gainean dot mundu honetatik abiatzeko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu dot lasterketea, gorde dot sinesmena. Dagoaneko zain daukot garaipenaren koroia, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustana; eta ez niri bakarrik, baita beraren agerraldia maitasunez itxaron daben guztiei ere.

Jauna neugaz izan neban eta indartu egin ninduan, nire bidez mezua osorik iragarria izan eiten eta jentil guztiek entzun egien. Berak atara ninduan lehoiaren ahotik. Jaunak atarako nau gaitz guztitik eta salbatuko, zeruko bere erreinura eroanez. Berari aintza gizaldien gizaldietan. Amen.

Zu Harria zara eta zuri emongo deutsudaz zeruetako erreinuaren giltzak.

Aldi haretan, Jesusek, Filiporen Zesareara heldu zanean, itaun hau egin eutsen ikasleei: Gizonaren Semea nor dala dino jenteak?

Hareek erantzun: Batzuek Joan Bateatzailea dala; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.

Jesusek, orduan: Eta zuek, nor nazala dinozue? Simon Pedrok erantzun eban: Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.

Orduan, Jesusek esan eutsan: Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-eta hazur-maminezko inork agertu, zeruko nire Aitak baino. Eta hau dinotsut Nik: Zu Pedro zara, “harkaitza”, eta harkaitz horren gainean eregiko dot Nik neure Elizea, eta heriotzearen indarrak ez jakoz nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua.