Jainkoaren gizon hori santua da; gurean gelditu dadila
B EHIN baten, Eliseo Xunemdik igaro zan. Bazan han andra handiki bat, eta bere etxera eroan eban Eliseo bazkaltzera. Harrezkero, handik igarotzen zan bakotxean, bertan gelditzen zan Eliseo bazkaltzen. Behin baten, andreak esan eutson senarrari: «Begira, badakit gure etxera etortzen dan hori Jainkoaren gizon santua dana. Egin deiogun goian gela txiki bat; ohea, mahaia, aulkia eta argiontzia ipiniko deutsaguz, gurera etortzean bertan gelditu dadin».
Etorri zan behin Eliseo eta, goiko gelara sarturik, bertan etzun zan. Eliseok Gehazi bere morroiari esan eutson: «Zer egin geinke andra honen alde?» Gehazik erantzun eutson: «Begira, ez dau umerik eta senarra zahartuta dago». Eliseok esan eutson morroiari: «Dei egiozu».
Dei egin eutson eta andrea atean agertu zan. Eliseok esan eutson: «Datorren urtean, sasoi honetan, semea izango dozu besoetan».
Jaunak esana.
R/ Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.
V. Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
zure leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai, autortzen dot:
Betiko eraikita dago zeruan zure maitasuna,
sendo ezarria zure leialtasuna. R/.
V. Zorionekoa, Zu pozik goratzen dakian herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna;
zure izenean da egunero alaitzen,
zure salbazino-egintzaz harrotzen. R/.
Bateoaren bitartez heriotzan hobiratuak izan gara haregaz, guk be bizi barria bizi dagigun.
SENIDEOK: Bateoaz Kristo Jesusegaz bat egin dogunok, haren heriotzagaz egin dogu bat. Bateoan hobiratuak izan gara haregaz batera heriotzan, Aitaren aintzaz Kristo hilen artetik biztu zan lez, geuk be bizi barria bizi dagigun.
Beraz, Kristogaz hil bagara, sinisten dogu, bizi be haregaz biziko garala. Badakigu Kristo, hilen artetik biztu zanetik, ez dala barriro hilko; heriotzak ez dau gehiago aginterik harengan; haren hiltzea pekatuarentzat behin betiko hiltzea izan zan, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da. Bardin zuek be; hartu kontuan pekatuarentzat hilda zagozela eta Jainkoarentzat bizirik, Kristo Jesusengan.
Jaunak esana.
R/. Aleluia. V/. Zuek jatorri aukeratua zarie, errege eta abade, nazino santua; iragarri egizuez ilunpetik bere argi zoragarrira dei egin deutsuen Jainkoaren egintza bikainak.
Bere kurutzea hartzen ez dauana, ez da Niretzat gai. Zuek hartzen zaituenak Neu hartzen nau.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Aita nahiz ama Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai; semea nahiz alabea Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai. Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da Niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
Zuek onartzen zaituenak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau.
Profeta bat profeta dalako onartzen dauanak profeteari zor jakon saria izango dau, eta pertsona zuzen bat zuzena dalako onartzen dauanak pertsona zuzenari zor jakon saria izango dau; eta txiki honeetako bati, nire ikasle dalako, baso bete ur fresko besterik ez bada ere emoten deutsana, benetan dinotsuet ez dala sari barik geldituko».