Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XII. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Cirilo de Alejandria Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Dei egin Jaunari, egin negar, Sion.

Erruki barik hondatu ditu Jaunak

bere herriko egoitza guztiak;

irauli egin ditu bere hasarrean

Juda lurralde ederreko gotorlekuak;

lurrera bota ditu eta desohoratu

erreinua eta beronen buruzagiak.

Sion uri ederreko zaharrak

lurrean jesarrita dagoz isilik,

burua errautsez

eta gorputza dolu-jantziz estaldurik;

Jerusalemeko neskatilak

burumakur dabiltza.

Begiak erreak ditut negarrez,

barrua irakiten, bihotza jausia,

nire herriaren hondamendia dala-eta,

umeak eta bularrekoak

uriko kaleetan makalduak dagozalako.

Amari itaunka dihardue:

«Non dira ogia eta ardoa?»

Zauriturik lez jausten dira uriko kaleetan,

amaren altzoan azken arnasa emonez.

Zegaz konparatuko zaitut, zeren antzeko egingo,

Jerusalem uriburu?

Antzekorik zer aitatuko deutsut,

Sion neskatila eder horri,

kontsolatu zaitezan?

Itsasoa baizen handia da zure hondamendia:

nork osatu zu?

Zeure profetek ez eutsuen agertu

mezu guzurrezko eta hutsalak besterik;

ez eben zure gaiztakeria agirian ipini,

holan zure zoria aldatzeko;

guzur eta lilurazko mezua besterik

ez deutsue agertu.

Egin oihu Jaunari bihotzez,

egin zotinka, Siongo harresiok.

Isuri, Sion, zeure negar-erreka gau eta egun.

Ez emon atsedenik zeure buruari,

ez bedi atertu zure begien jarioa.

Jagi, egizu aiene gau osoan eten barik;

isuri ura lez bihotza Jaunaren aurrean.

Jaso eskuak Hari, kaleburu guztietan

goseak hilten dagozan zeure umeen alde.

R/ Ez ahaztu betiko zure gisajoen bizia.

Oi Jainko, zergaitik zapuztu gaituzu betiko,

zergaitik sutu da zure hasarrea zure larreko ardien kontra?

Gogoratu zaitez antzinatik Zeuretzat hartu zenduan alkarteaz,

zeure ondaretzat askatu zenduan leinuaz,

zeure bizileku egin zenduan Sion mendiaz. R/.

Zatoz zeharo hondatuta dagoan uri honetara:

arerioak dan-dana hondatu dau santutegian.

Orroa egin eben arerioek zure alkartearen erdian,

euren ikurrinak ezarri ebezan ezaugarri. R/.

Baso itxian aizkora-kolpeka sartzen danaren antzera,

aizkoraz eta mailuz apurtu ebezan zur landu guztiak.

Gero, sua emon eutsoen zure santutegiari,

lurrera bota eben eta profanatu zure izenaren egoitza. R/.

Begiratu egiozu zeure itunari,

beteak dagoz-eta gogorkeriaz herrialdeko bazterrak.

Ez bedi zapaldua desohoratuta geratu,

errukarri eta behartsuek goratu begie zure izena. R/.

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Abraham, Isaak eta Jakobegaz jarriko dira.

Aldi haretan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zala, erromatar ehuntari bat etorri jakon, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan eutsan: «Joan eta neuk osatuko dot».

Baina ehuntariak erantzun eutsan: «Jauna, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esaizu berba bat eta osatuko da nire morroia. Nik ere -neu besteren menpean egon arren- baditut neure mende gudamutilak, eta bati "hoa" esaten deutsat eta joan egiten da, beste bati "hator" eta etorri egiten da, eta nire morroiari "egik hau" eta hau egiten dau».

Hori entzunik, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Egia esan, Israelen ez dot inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau dinotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian jarriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobegaz; erreinuaren oinordeko ziranak, barriz, kanpoko ilunpeetara botako dabez; han izango dira negarra eta agin-karraska!»

Ondoren, ehuntariari esan eutsan: «Zoaz, eta jazo bekizu sinestu dozun lez». Eta ordu haretan bertan, osatuta gelditu zan morroia.

Gero, Jesus Pedroren etxera joan zan, eta honen amaginarreba oheratuta aurkitu eban sukarragaz. Jesusek eskua hartu eta sukarrak alde egin eutsan; orduan, emakumea jagi eta zerbitzen hasi jaken.

Arratsaldean deabrudun asko eroan eutsoen Jesusi, eta Honek deabruak bere berbaz bota eta gaixo guztiak osatu ebazan. Holan bete zan Jainkoak Isaias profetearen bidez esandakoa: «Harek gure makaltasunak hartu ebazan bere gain, eta gure gaitzak eroan».