Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Neuk babestuko dot uri hau eta salbatuko, Neugaitik eta Davidengaitik.

EGUN hareetan, Senakerib Asiriako erregeak mezulariak bialdu eutsozan Ezekias Judako erregeari, hau esatera: «Zeure Jainkoagan dozu konfiantza; baina ez zagizala engainatu zeure Jainko horrek, Jerusalem ez dala Asiriako erregearen eskuetan jausiko esanez. Zeuk entzun dozu Asiriako erregeek zer egin deutsien herrialde guztiei: guztiz hondatu. Eta zu libratuko zaralakoan zagoz ala?»

Hartu eban Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zan; zabaldu eban gutuna Jaunaren aurrean eta honan egin eban otoitz: «Jauna, Israelen Jainkoa, izaki hegodunen gainean jesarrita zagozana, Zeu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zeuk eginak dira zeru-lurrak. Izan erne belarria, Jauna, eta entzun; edegi begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun zelako irainak zuzendu deutsuzan Senakeribek Zuri, Jainko bizi horri. Egia da, Jauna, Asiriako erregeek hondatu egin dabezala herriak eta honeen lurraldeak, eta suari emon deutsoezala euron jainkoak; baina horreek ez ziran jainko, zurezko eta harrizko irudi huts baino, giza eskuek eginak; horregaitik birrindu ahal izan dabez. Zuk, ostera, Jauna, gure Jainko horrek, salbatu gagizuz Senakeriben eskuetatik; holan, munduko erreinu guztiek jakingo dabe, Jauna, Zeu bakarrik zarala Jainko».

Amotzen seme Isaiasek mezu hau bialdu eutson Ezekiasi: «Hau dino Jaunak, Israelen Jainkoak: “Entzun dot Asiriako errege Senakerib dala-eta egin deustazun otoitza. Hona hemen zer dinodan haren kontra:

Mespretxu eta barre egiten deutsu, Senakerib,

Sion neska gazte ederrak;

buruari eraginez dabil zure atzetik Jerusalem uria.

Bakar batzuk bizirik geldituko dira-eta Jerusalemen,

onik urtengo Sion mendian.

Jaunaren maitasun-garrak egingo dau hori”».

R/ Sendo ezarri dau Jainkoak bere uria betiko.

R/.

Sendo ezarri dau Jainkoak bere uria betiko.

V/.

Handi da Jauna, guztiz goragarri.

Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:

muino eder, lur osoaren pozgarri. R/.

V/.

Sion mendi, Jainkoaren egoitza,

errege handiaren uri.

Hango jauregien artean

gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.

V/.

Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna,

zure tenpluaren erdian.

Zure ospea lez zure gorespena be, oi Jainko,

mundu osora heltzen da;

zure eskua justiziaz dago betea. R/.

Egin besteei,hareek zuei egitea nahi zeunkeen guztia.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez emon txakurrei gauza sakratuak, ez bota txarriei zeuen harri bitxiak, hankapean erabili ez dagiezan eta, zuen kontra bihurturik, zatitu ez zagiezan.

Besteek zuei egitea nahi zeunkeen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia.

Sartu zaiteze ate estutik; zabala da-eta hondamenerako atea eta nasaia bidea, eta asko dira hortik doazanak. Baina bai estua dala bizirako atea eta mehea bidea, eta gitxi dirala aurkitzen dabenak!».