Atsegin izan zaituelako aukeratu zaitue Jaunak.
Honan berba egin eutsan Moisesek Israel herriari: «Jaunarentzat, zeure Jainkoarentzat, sagaratutako herria zara: Berak aukeratu zaitu munduko herri guztien artean beraren herri, beraren jabego berezi, izateko.
Jaunak atsegin izan eta aukeratu bazaitue, ez da, ez, beste herriak baino handiago zareelako txikiena zaree eta, zuen arbasoei eginiko zin-berbea bete gura izan daualako baino; horregaitik, hain zuzen, atara zaitue ahalmen handiz esklabotzatik eta askatu Egiptoko faraoiaren menpetik.
Autortu egizu, beraz, Jauna zure Jainkoa dala egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dabenei eta beraren aginduak beteten dituenei itun-berbea gorde eta ondogurea mila belaunaldiz agertzen deutsena; gorroto deutsanari, barriz, zuzenean emoten deutso ordaina eta hondatu egiten dau, luzatu barik emoten deutso ordaina.
Bete, bada, gaur emoten deutsudazan agindu, lege eta erabagiak».
R/ Bihozbera eta errukiorra da Jauna.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez begiz ahaztu haren mesedeak. R/.
Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gaitz guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.
Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak erakutsi eutsazan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.
Bihozbera eta errukitsua da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Ez gaitu erabilten gure pekatuak merezi daben lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.
Jainkoak maite gaitu.
Seme-alaba maiteok: Maitatu dagigun alkar, maitasuna Jainkoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jainkoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jainkoa maitasuna da-eta. Jainkoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jainkoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu haren bidez bizi gaitezan. Honetan datza maitasuna: ez guk Jainkoa maite izatean, Harek gu maite izatean baino, eta bere Semea gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu izatean.
Seme-alaba maiteok, Jainkoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dogu alkar. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. Guk badakigu Haregan gagozana eta Ha gugan, eta hori, bere Espiritutik emon deuskulako. Guk ikusi dogu eta autortzen Aitak bere Semea bialdu ebala munduaren salbatzaile. Norbaitek autortzen badau Jesus Jainkoaren Semea dala, Jainkoa haregan dago, eta ha Jainkoagan. Guk ezagutu dogu eta sinestu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauana Jainkoagan dago eta Jainkoa haregan.
R/. Aleluia. V/. Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak, eta ikasi Nigandik, gozoa eta bihotz-apala naz-eta. R/.
Bihozbera naz eta apala.
Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jente apalari agertu deutsazuz-eta. Bai, Aita, holan izan dozu gogoko. Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork Semea ezagutzen, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsanak baino.
Zatoze Nigana nekatu eta zamapetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Nigandik, gozoa eta bihotz-apala nazalako, eta aurkituko dozue zeuen arimentzako atsedena. Nire buztarria leuna eta nire zamea arina da-eta».