Jesu Kristogan zintzo bizi nahi daben guztiek izango dabez erasoak.
Anaia maite hori: Zuk hurretik jarraitu dozuz nire irakaspena eta bizierea, nire asmo, sinesmen eta pazientzia, nire maitasun eta eroapena, eta Antiokian, Ikonion eta Listran jasan behar izan nituan lako erasoaldi eta sufrimentuak. Zelako erasoaldiak jasan dodazan, eta guztietatik atara nau Jaunak. Era berean, Jesu Kristoren jarraitzaile zintzo lez bizi gura daben guztiek ere izango dabez, bai, erasoaldiak. Gizaki txar eta guzurtiak, barriro, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta euren buruak engainatuz.
Zuk, ostera, iraun sendo, ikasi eta sinestu dozun guztian; hartu gogoan nogandik ikasia dozun eta Liburu Santuak umetatik ezagutzen dozuzala. Liburu Santuek emon daikezue, Kristo Jesuseganako simesmenaren bidez salbamenera daroan jakituria. Liburu Santuetan idatzirik dagoan guztia Jainkoak inspiratua da, eta irakasteko, arrazoiak emoteko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; holan, Jainkoaren gizona guztiz moldatuta aurkitzen da, eta edozein eginbehar onetarako prest.
R/ Bake handia, Jauna, zure legea maite dabenentzat.
Asko dira erasoten naben etsaiak;
baina ni ez naz zure mandamenduetatik okertzen.
Zure hitzaren muina da leialtasuna,
betikoa da zure erabagi zuzena. R/.
Jauntxoek arrazoi barik erasoten nabe,
baina zure berbek bakarrik nire bihotza ikaratzen.
Gainezka dauke bakea zure nahia maite dabenek:
ez ditu ezerk jausiazoko. R/.
Zure salbamena itxaron dot, Jauna,
eta zure aginduak beteten ditut.
Gordeten ditut zure lege eta mandamenduak:
zeure aurrean dozuz nire ibilbide guztiak. R/.