Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko IX. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Zabaldu barri ona. Neure odola isurtzeko zorian nago ni, eta Jaunak zuzentasunaren koroia emongo deust.

Anaia maite hori: Jainkoaren aurrean eta, errege lez agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko dan Kristo Jesusen aurrean, erregutzen deutsut: iragarri Jainkoaren berbea; ekin sasoia danean eta ez danean, emon arrazoiak, zentzatuazo eta aholkatu, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz. Etorriko da-eta gizon-emakumeek irakaspen osasungarria jasango ez daben sasoia: euren grinen eraginpean, maisuz inguratuko dira, euren belarrien atsegingarri; egiatik aldenduko dabez belarriak eta ipuinetara bihurtuko. Zuk, ostera, jokatu zuhur gauza guztietan, eroan sufrimentuak, ekin Barriona zabaltzeari, bete ondo zeure zerbitzua.

Ni neure bizia opari eskeintzeko zorian nago; gainean dot mundu honetatik abiatzeko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu dot lasterketea, gorde dot sinesmena. Dagoaneko zain daukat garaipenaren koroia, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustana; eta ez niri bakarrik, baita beraren agerraldia maitasunez itxaron daben guztiei ere.

R/ Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

Zure gorapenaz betea neban ahoa,

zure ekintza ospetsuaz, egun osoan.

Ez baztertu ni orain zahartzaroan,

ez itzi ni eskutik, indarrak ahuldu jatazanean. R/.

Nik, ostera, itxaroten jarraituko dot beti,

gero eta areago zaitut goratuko.

Nire ahoak egun osoan iragarriko dau

zure salbamen-asmo eta –ekintza. R/.

Jainko Jaunaren ekintza bikainak ditut jakinazoko, *

zurea bakarrik dan salbazinoa iragarriko.

Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,

eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

Eta nik ere harpa-soinuz goratuko zaitut, ene Jainko,

leiala zaralako,

zitaraz kantatuko deutsut, oi Israelgo Santu. R/.

Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau.

Aldi haretan, Jesusek, bere irakatsaldian, esan eutsan jenteari: “Zabilze kontuz lege-maisuekin! Gogoko dabe harro-harro jantzita ibiltea eta plazetan jentearen agurrak hartzea; gogoko dabez sinagogetan aurreneko aulkiak eta jai-jatorduetan mahaiburuak. Eta, azkenbako otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dabez. Holakoek epairik zorrotzena izango dabe”.

Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jesarrita egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botaten eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. Etorri zan emakume alargun behartsu bat ere, eta txanpon bi bota ebazan, huskeria bat. Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: “Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. Izan ere, beste guztiek sobera dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere eskasian, eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau”.