Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko IX. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Jaunaren berbea ez dago giltzapetuta. Haregaz hilten bagara, bizi ere, Beragaz biziko gara.

Anaia maitea: Izan gogoan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik biztua. Hau da nik irakasten dodan Barriona eta honegaitik nago neketan, gaizkile lez katez lotuta; baina Jainkoaren berbea ez dago katez lotuta. Horregaitik, dana jasaten dot Jainkoak aukeratu dituenen onerako, horreek ere Kristo Jesusek emoten dauan salbamena eta betiko aintza lortu dagiezan.

Sinesgarria da adierazpen hau:

Haregaz hilten bagara,

Beragaz biziko gara;

Haregaz sufritzen badogu,

Beragaz izango gara errege;

Ha ukatzen badogu,

Berak ere ukatu egingo gaitu;

gu leialak ez bagara ere,

Harek leial dirau,

ez daike-eta bere burua ukatu.

Gogoratu egiezu hau eta eskatu, arren, Jainkoaren izenean, ez daitezala berbei buruzko eztabaidatan nahastau, hori ez da-eta ezertarako on, entzuten dituenen hondamendirako baino. Ahalegindu zaitez Jainkoaren aurrean onesgarri agertzen, zertan lotsaturik ez dauan langilea lez, egiaren mezua zuzen irakasten dauana lez.

R/ Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.

V. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,

erakutsi zeure bidezidorrak.

Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,

Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

V. Ona eta zuzena da Jauna,

bidea erakusten deutse pekatariei.

Apalak zuzenbidez daroaz,

bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

Hau da lehenengo agindua. Bigarrena, barriz, honen parekoa da.

Aldi haretan, lege-maisu batek Jesusegana hurreratu eta itaundu eutsan: “Zein da agindu guztietan nagusiena?”

Jesusek erantzun: “Hau da nagusiena: "Entzun, Israel: Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz". Bigarrena, barriz, hau da: "Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez". Ez da honeek baino agindu handiagorik”.

Lege-maisuak esan eutsan: “Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala beste Jainkorik esatean, eta Ha bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatea”.

Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutsan: “Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik”.

Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egitera ausartzen.