Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko VIII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Zuek errege abadetza zaree eta enda santu, dei egin deutsuenaren egintza harrigarriak iragarri dagizuezan.

Senide maiteok: Ume jaiobarriak lez, gura egizue berbearen esne garbia, horren bitartez hazi eta salbamen betera heldu zaitezen, Jauna zein ona dan dastatu dozuen ezkero. Harri bizia da Jauna, gizakiek baztertua, baina Jainkoaren begietarako aukeratua eta bikaina; Haregana hurreratzen zareela, zuek ere, harri bizi lez, espirituzko tenpluaren eregintzan parte hartzen dozue eta abadetza santu zaree, Jainkoari atsegin jakozan espirituzko opariak Jesu Kristoren bitartez eskeintzeko.

Zuek, ostera, jatorri aukeratua zaree, errege-abadetza, nazino santu, Jainkoak beretzat eskuratutako herri, ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu deutsuen Jainkoaren egintza bikainak iragarri dagizuezan. Sasoi batean herri ere ez zineenok, orain Jainkoaren herri zaree; erruki barik zengozenok, orain errukia jadetsi dozue.

Senide maiteok, munduan arrotz eta atzerritar zareenez, arren eskatzen deutsuet itzi dagizuezala alde batera zuen kontra burrukan diharduen giza grina gaiztoak. Jokatu egizue ondo jentilen artean; holan, orain gaizkiletzat salatzen bazaituee ere, zuen egintza onak autortu beharko dabez eta Jainkoa goratuko dabe, Ha kontuak hartzera etortean.

R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,

Jaunari zerbitzu alai egiozue,

haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.

Jakizue Jauna dala Jainko,

Berak egin gaitu, Berarenak gara,

Beraren herri eta larreko artalde. R/.

Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,

haren atarietan gorazarreka,

emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

Onbera da-eta Jauna,

haren maitasuna betidaino,

haren leialtasuna mendeen mendeetaraino. R/.

Maisu, ikusi dagidala barriro!

Aldi haretan, Jesusek bere ikasleekin eta jentetza handiagaz Jerikotik urtetean, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-ertzean jesarrita. Jesus Nazaretarra zala jakitean, deadarka hasi zan: Daviden Seme, Jesus, erruki zakidaz! Askok gogor egiten eutsoen isilazoteko; baina harek gehiago egiten eban oihu: Daviden Seme, erruki zakidaz!

Jesusek gelditu eta itsuari dei egiteko agindu eban. Deitu eutsoen, esanez: Izan bihotz! Jagi, heuri deika jabilk. Bere soingainekoa jaurtiz, salto batean zutitu eta Jesusegana joan zan. Jesusek itaundu eutsan: Zer nahi dozu Nik zuri egitea? Itsuak erantzun: Barriro ikustea, Maisu! Jesusek esan eutsan: Zoaz, zeure sinesmenak osatu zaitu. Une berean ikusmena berreskuratu eban, eta Jesusen ondoren joian bidean.