Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko VIII. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Agustin de Canterbury Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Bildots errubakoa dan Kristoren odol ederraz izan zaree erosiak.

Senide maiteok: Badakizue zuen gurasoakandik hartutako biziera zentzunbakotik askatuak izan zareela, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zidarrez, bildots garbi eta akasbako lez zuen alde bere burua eskeini dauan Kristoren odol baliotsuaz baino. Mundua mundu izan aurretik egoan Kristo Jainkoaren asmotan eta azken aldi honeetan agertu da zuen onerako. Eta zuek beronen bidez sinesten dozue hilen artetik biztu eta aintzaz bete eban Jainkoagan; holan, zeuen sinesmena eta itxaropena Jainkoagan jarriak dozuez.

Orain zuek, egiaren mezuari obedituz, zeuen barrua garbitu dozue, senide lez alkar benetan maitatzeko. Maitatu egizue, bada, alkar bihotzez eta gartsu; izan ere, barriro jaio zaree, eta ez hazi hilkorretik, hilezkorretik baino, bizia dan eta betiko dirauan Jainkoaren berbatik. Hau dino Liburu Santuak ere: “Gizaki guztiak bedarraren pareko dira, haren edertasuna landako lorearena lakoa; ihartzen da bedarra, jausten lorea; Jaunaren berbak, ostera, betiko dirau”. Hitz hau, barriz, zuei iragarri jatzuen Barriona da.

R/ Jerusalem, ospatu egizu Jauna.

Jerusalem, ospatu egizu Jauna,

Sion, goratu zeure Jainkoa.

Zure ateen sarrailak indartu ditu

eta seme-alabak zure barruan bedeinkatu. R/.

Zure mugetan bakea ezarri dau,

garirik onenaz ase zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere mezua,

eta haren berbea bizkor eta arin doa. R/.

Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,

bere erabagi eta aginduak Israeli.

Beste herriei ez deutse holakorik egin,

bere erabagirik ez deutse jakinazo.

Aleluia! R/.

Begira, bidean gora Jerusalemera goaz, eta Gizonaren Semea abade nagusien esku itzia izango da.

Aldi haretan, Jerusalemera bidean gora joiazan, eta Jesus aurretik. Ikasleak harriturik egozan, eta jarraitzen eutsoenak bildurrez joiazan. Jesusek Hamabiak barriro Beragana batu, eta zer jazoko jakon adierazoten hasi jaken: Begira, Jerusalemera igoten dihardugu, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen esku itziko dabe: heriotzara kondenatuko dabe eta atzerritarren eskuetan itziko; honeek iseka egingo deutsoe eta txistua botako, zigortu eta hil egingo dabe; baina handik hiru egunera biztu egingo da.

Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusegana hurreratu eta esan eutsoen: Maisu, eskatuko deutsuguna Zuk guri egitea gura geunke. Jesusek itaundu eutsen: Zer nahi dozue, bada, Nik zuei egitea? Eta hareek: Jesarri gaitezala bata zure eskuman eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara heltzean.

Jesusek esan eutsen: Ez dakizue zer eskatzen diharduzuen. Gauza al zaree Nik edan behar dodan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dodan uretan murgiltzeko? Bai, gauza gara!, erantzun eutsoen.

Jesusek, orduan: Nik edan behar dodan kaliza mingotsa, bai, edango dozue, baita Nik murgildu behar dodan uretan murgilduko ere; baina nire eskuma-ezkerretan jesarte hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat dauan prestatuta, hari emongo jako.

Beste hamarrak, hori entzutean, hasarre jarri ziran Santiago eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan eutsen: Dakizuenez, herrien buruzagiek menpean hartzen dabez herriak eta handikiek euren agintea ezarten deutsee. Ez dau holan izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi dauana izan bedi guztien morroi. Gizonaren Semea ere ez da-eta zerbidua izatera etorri, zerbitzari izatera baino, eta bere bizia guztien alde ordainsaritzat emotera.