Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Senideok: Gutariko inor ez da beretzat bizi, ezta beretzat hiltzen be. Bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi, eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Honetarako hil eta biztu zan Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko. Zergaitik kondenatzen dozu, bada, zeure senidea? Eta zergaitik gitxiesten? Danok agertu beharko dogu Jainkoaren auzitegian, Liburu Santuak dinoan lez: «Zin dagit neure biziagaitik –dino Jaunak–:
belaun guztiak makurtuko dira nire aurrean
eta mihin guztiek goratuko dabe Jainkoa».
Izan be, guztiok emon beharko deutsagu Jainkoari nork bere buruaren kontu.
R/ Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizidunen lurrean.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.
V/. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi nadila Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.
Zatoze Nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak.
Jainkoak poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik.
Aldi haretan, zergalari eta pekatariak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan be egiten dau eurakaz».
Orduan, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Zuetariko bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez ete da beste laurogeta hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, lagunak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz, galdutako ardia aurkitu dot-eta”.
Hara zer dinotsuedan: «Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik bihotz-barritu beharrik ez daben laurogeta hemeretzi zintzoakaitik baino.
Eta zein emakumek, zidarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kriseilua biztuta, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz ze, aurkitu dot galdutako txanpona”.
Hara zer dinotsuedan: Bardin poztuten da Jainkoa bere aingeruakaz bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →