Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXXI. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Jesu Kristoren zerbitzari egin nau jentilentzat, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezan.

Senideok: Ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakintza guztietaz hornidurik zagozela, eta alkarri argi egiteko gai zariela. Halan be, ausardia handi samarrez idatzi deutsuet han edo hemen, gauza batzuk gogoratuazoteko. Jainkoagandik hartu dodan dohaiak emoten deust horretarako bide, Jesu Kristoren zerbitzari egin nau-eta jentilentzat. Jainkoaren Barri Ona adierazotea da nire eginkizun sakratua, holan jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezan.

Jainkoaren zerbitzuari dagokionez, Kristogan jartzen dot neure harrobidea; horregaitik, ez naz ausartuko hau besterik aitatzera: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituala jentilak fedea onartzera, hitzez eta egitez, ezaugarri eta egintza harrigarrien indarrez, Espirituaren ahalmenaz. Holan, Kristoren Barri Ona zabaltzen dihardut, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan zehar Iliriaraino.

Hauxe zan niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena aitatua be ez zan tokietan Barri Ona zabaltzea. Ez neban nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki, Liburu Santuak dinoanaren arabera baino:

«Haren barri ez ebenek ikusiko dabe,

eta inoiz haretaz entzun ez ebenek ulertuko».

R/ Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean beragandiko garaipena.

V/. Kanta Jaunari kantu barria,

egintza harrigarriak egin ditu-eta;

garaipena emon deutso bere eskumak,

bere beso santuak. R/.

V/. Bere garaipena ezagutuarazo dau Jaunak,

bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.

Ez da ahaztu bere maitasunaz,

Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe

gure Jainkoaren garaipena.

Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,

egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

Mundukoak zuhurrago dira euren arteko arazoetan, argitakoak eurenetan baino.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxejagolea eukan, eta berau ondasunak alperrik galtzen ebilkola jakinarazo eutsoen.

Deitu eta esan eutson: “Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren kontua, ez zara aurrerantzean nire etxezain izango-eta”.

Etxejagoleak, orduan, hauxe inoan berekautan: “Zer egin behar dot nik orain, nagusiak kargua kentzen deustan ezkero? Atxurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nabenean etxean nork hartu izan dagidan”.

Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari itaundu eutson: “Zenbat zor deutsazu nire nagusiari?” Harek erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak, orduan: “Hona hemen zure ordain-agiria; agudo, jesarri eta idatzi berrogeta hamar”. Gero, hurrengoari itaundu eutson: “Zuk zenbat zor deutsazu?” Harek erantzun: “Ehun anega gari”. Etxejagoleak, orduan: “Hona hemen zure ordain-agiria; idatzi laurogei”. Eta nagusiak txalotu egin eban ha etxezain zuzentasun bakoa, zuhur jokatu ebalako. Izan be, mundukoak zuhurrago dira euren arteko arazoetan, argitakoak eurenetan baino.