Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXX. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Israeldarrak baztertzetik Jainkoagaz baketzea etorri bajako munduari, zer ete datorke Jainkoak hareek barriro onartzetik?

Senideok: Jainkoak baztertu egin ete dau bere herria? Ezelan be ez! Ni be israeldarra naz, Abrahamen jatorrikoa, Benjaminen leinukoa. Jainkoak ez dau baztertu beretzat aukeratu eban herria.

Beste itaun bat: Gehiago ez zutuntzeko jausi ete da Israel? Ezelan be ez! Hareek jausi ziralako heldu dira jentilak salbazinora, eta hori israeldarren inbidia bizteko jazo da. Beraz, hareen jaustea munduarentzat aberasbide izan bada, eta hareen huts egitea jentilentzat irabazpide, zenbatez aberasgarriago ez ete da izango Israel osoak salbazinoa lortzea?

Senideok, ez zaituet ezjakinean euki nahi Jainkoak honetan guztian dauan asmo ezkutuaz, zeuen jakiteaz harrotu ez zaitezen: Israelgo zati baten itsukeriak jentil-herri guztiak salbazinora heldu arte iraungo dau. Orduan, Israel osoa salbatuko da, Liburu Santuak dinoan lez:

«Siondik etorriko da askatzailea,

eta sinisgogorkeria kenduko dau Jakoben ondorengoengandik.

Hona hareekin egingo dodan ituna,

pekatuak parkatuko deutsedazanean».

Barri Onari dagokionez, israeldarrak Jainkoaren arerio dira, zuen onerako; baina, Jainkoak egindako aukerari dagokionez, maite-maiteak dira, euren asabak dirala-eta, behin betikoak diralako Jainkoaren dohaiak eta deia.

R/ Jaunak ez dau bere herria zapuztuko.

V/. Zorionekoa, Jauna, Zuk hezten dozuna,

zeure legean eskolatzen dozuna;

atseden emongo deutsazu egun baltzen ondoren. R/.

V/. Jaunak ez dau bere herria baztertuko,

ez bere ondarea bertan behera itziko.

Bihurtuko deutsoe zintzoari eskubidea

eta izango dabe bihotz zuzenekoek etorkizuna. R/.

V/. Jauna lagun ez baneu,

laster nengoke Heriotza-isiltasunean.

Jausteko zorian nagoala uste dodanean,

zure maitasunak eusten deust, Jauna. R/.

Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu.

Behin baten, zapatuz, fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan egokozan. Konturatu zan Jesus zelan konbidatuek aurrerengo jarlekuak hartzen zituen eta ohar honeek egin eutsezan:

«Ezteguetara konbidatzen zaitueenean, ez jarri mahaiburuan, baleiteke- eta zu baino konbidatu ospetsuagoren bat izatea; halan balitz, biok konbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: “Itzi lekua honi”. Orduan, azkeneko lekuan jesarri beharko zeunke lotsatuta.

Alderantziz, konbidatzen zaituenean, jarri azkeneko lekuan, konbidatu zaituanak, datorrenean, esan deizun: “Adiskide, igon gorago!” Holan, oso leku onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean.

Izan be, bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jaunak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».