Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XXXI Igandea

Urtean Zehar Igandea B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Entzun, Israel: Maitatu egizu Jauna bihotz-bihotzez.

Moisesek honan berba egin eutson herriari: «Begirune izango deutsazu Jaunari, zeure Jainkoari, eta bai zuk eta bai zure ondorengoek nik emoten deutsudazan Jaunaren lege eta agindu guztiak beteko dozuez zeuen bizitza osoan, luzaro bizi zaitezen.

Entzun egizuz, beraz, Israel, eta ahalegindu betetzen, zoriontsu izan zaitezen eta biziro ugaritu, esnea eta eztia darion lurraldean, Jaunak, zuen asaben Jainkoak, agindu eutsuen lez.

Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz. Izan beti gogoan gaur esaten deutsudazan berba honeek».

R/ Maite zaitut, Jauna, neure indar!

V/. Maite zaitut, Jauna, neure indar!

Jauna da nire hatx, nire gaztelu,

bera nire askatzaile. R/.

V/. Nire Jainko, nire harkaitz babesgarri,

nire babeski eta salbazino-indar,

nire gordeleku goragarri.

Dei egin neutsan Jaunari,

eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.

V/. Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!

Goratua nire Jainko salbatzailea,

garaipen handiak emon deutsoz erregeari,

maitasuna agertu deutso bere igurtzitakoari. R/.

Jesusek, beti irauten dauanez, inoiz amaituko ez dan abadetza dau.

Senideok: Lehengo ituneko abadeak asko ziran, ezin eben-eta iraun, hil egiten ziralako. Jesusek, ostera, beti irauten dauanez, inoiz amaituko ez dan abadetza dau.

Jesusek betiko salbatu leikez beraren bidez Jainkoagana hurreratzen diranak, bizirik dago-eta hareen alde beti erregutzeko.

Benetan, Jesus lako abade nagusia behar genduan guk: santua, errubakoa eta kutsubakoa, pekatariakandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa. Honek ez dau, beste abadeek lez, lehenengo bere pekatuakaitik eta gero herriarenakaitik egunero opariak eskeini beharrik, behin betiko egin eban-eta hori, bere burua opari eskeini ebanean. Legeak, izan be, gizon makalak izentatzen ditu abade nagusi; legea baino geroagokoa dan Jainkoaren zinak, ostera, Semea izentatu dau abade nagusi, betieran bete-beteko dana.

Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa. Maitatu lagun hurkoa.

Aldi haretan, hurreratu zan Jesusengana lege-maisu bat eta itaundu eutson: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»

Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maite egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, barriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez”. Ez da honeek baino agindu handiagorik».

Lege-maisuak esan eutson: «Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, baita ha bihotz-bihotzez, adimen osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatean be».

Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutson: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik».

Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egiten ausartzen.