Bera maite dabenen onerako bideratzen ditu Jainkoak gauza guztiak.
Senideok: Espiritua datorkigu geure makalaldian lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, ezin esan ahalako oihuz. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.
Badakigu bera maite dabenen onerako bideratzen dituala Jainkoak gauza guztiak, bere aurre-erabagiaz deitu dituanen onerako, hain zuzen be.
Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin ebazan, bere Semearen irudiko izan eitezan eta, holan, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu ebazanei dei be egin eutsen; deituak, barriz, zuzentzat hartu, eta zuzentzat hartuak aintzaz bete.
R/ Nik zure maitasunean dot, Jauna, konfiantza.
V/. Begira, erantzun, Jauna, ene Jainko
Argitu nire begiok, ez nagian heriotz-loak hartu,
ez dagian arerioak esan: «Garaitu dot».
Ez bedi arerioa nire hondamendiaz poztu! R/.
V/. Nik zure maitasunean dot konfiantza;
poztu dadila nire bihotza zure garaipenaz;
orduan kantuz ekingo deutsat Jaunari,
egin deustan onagaitik. R/.
Honetarako dei egin deusku Jainkoak Barri Onaren bidez, Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko.
Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira.
Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera bidean joiala, igarotzen zituan herri eta auzoetan irakasten eban.
Batek esan eutson: «Jauna, gitxi ete dira salbatzen diranak?» Jesusek erantzun eutsen: «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu gura izango dau, baina ezingo da sartu.
Etxeko jaunak jagi eta atea itxi ezkero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarie: “Zabaldu, Jauna!” Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien”.
Zuek, orduan, holan hasiko zaiakoze: “Zeugaz jan eta edan izan dogu, eta Zuk geure plazetan irakatsi izan dozu”. Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien. Alde Nigandik, gaizkileok!”
Orduan, negarra eta hagin-karraskada izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, barriz, kanpora jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira. Begira: orain azkeneko diran batzuk lehenengo izango dira, eta lehenengo diran batzuk azkeneko».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →