Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXX. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Izadia bera be gogo biziz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko bere seme-alaba izatea zer dan.

Senideok: Nire eretxian, oraingo neke-lanak ezer gitxi dira gero gugan azalduko dan aintzaren aldean. Izadia bera be gogo biziz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko bere seme-alaba izatea zer dan. Izadiak bere benetako helburua galdua izan arren –ez bere gogoz, horretara behartu ebanagaitik baino–, badau itxaropena, esklabotzatik eta hondamenetik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.

Badakigu, jakin be, izadi osoa erdiminetan aieneka dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, gu geu be bai: Espiritua lehen dohai lez hartu dogunok aieneka gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain.

Salbatuak gagoz, bai, baina itxaropenean bakarrik. Eta itxaroten doguna ikusiko bagendu, hori ez litzateke itxaropena izango. Izan be, zelan itxaron ikusten doguna? Baina ikusten ez doguna itxaroten badogu, iraupenez behar dogu itxaron.

R/ Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak.

V/. Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,

amesetan lez gengozan.

Barrez bete jakun orduan ahoa,

poz-oihuz mihina. R/.

V/. Jentil-herrietan be esan eben:

«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».

Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,

eta pozarren gagoz! R/.

V/. Aldatu, Jauna, gure zoria,

euri-jasek basamortua lez.

Negar-anpuluz erein ebenek

pozez batzen dabe. R/.

V/. Negarrez joan ziran,

hazi-zorroa eroanez;

poz-oihuka datoz,

gari-azaoak ekarriz. R/.

Mostaza-hazia hazten da eta zuhaitz egiten.

Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Zeren antzekoa da Jainkoaren erreinua? Zeren antzekoa dala esango neuke? Gizon batek bere ortuan botatzen dauan mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dabe habia». Esan eban gainera: «Zeren antzekoa dala esango neuke Jainkoaren erreinua? Legaminaren antzekoa da: andra batek hiru imina-urunetan nahasten dau, eta ore guztia harrotzen da».