Seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!» deitzen deutsazue Jainkoari.
Senideok: Zorretan gagoz, baina ez grina txarrekin, horreen arabera bizitzeko. Holan bizitzen bazarie, hil egingo zarie; baina Espirituaren bidez giza egintza txarrei uko egiten badeutsazue, biziko zarie.
Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak, horreetxek dira Jainkoaren seme-alaba. Zuek ez dozue hartu esklabo egiten zaituen espiritua, barriro be bildurrez bizitzera eroango zaituena; zuek seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», deitzen deutsagu Jainkoari.
Espiritu honek berak gure espirituagaz bat egiten dau Jainkoaren seme-alaba garala autortzeko; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko be, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; izan be, nekeetan Kristoren kideko bagara, aintzan be haren kideko izango gara-eta.
R/ Gure Jainkoa Jainko salbatzailea.
V/. Jagitzen da Jainkoa, sakabanatzen dira arerioak,
ihesi doaz haren aurretik gorroto deutsoenak.
Zintzoak, barriz, pozten dira,
Jainkoaren aurrean alaitzen,
pozez eta alaitasunez gainezka. R/.
V/. Umezurtzen aita da Jainkoa, alargunen defendatzaile
bere egoitza santutik.
Jainkoak etxea emoten deutse baztertuei,
kantu artean askatasuna presoei. R/.
V/. Bedeinkatua Jauna egunez egun!
Bere gain hartu gaitu geure Jainko salbatzaileak.
Gure Jainkoa Jainko salbatzailea,
Jainko Jaunaren esku dago heriotzatik libratzea. R/.
Zure hitza da egia, Jauna; sagaratu gagizuz egiaren bidez.
Abrahamen ondorengo dan honi ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?
Aldi haretan, zapatuz sinagoga baten irakasten ebilen Jesus. Bazan bertan emakume bat, hamazortzi urte hareetan espiritu baten menpe gaixo egoana; guztiz konkortuta egoan eta ezin zan ezelan be arteztu.
Ikustean, Jesusek deitu eta esan eutson: «Emakume, libre zara zeure gatxetik». Eskuak ezarri eutsozan, eta bat-batean arteztu eta Jainkoa goratzen hasi zan.
Sinagogako buruzagiak, Jesusek zapatuan osatu ebalako hasarre, esan eutson jenteari: «Astean sei egun dagoz beharrerako; etorri egun horreetan osatzera, eta ez zapatuan».
Jaunak erantzun eutson: «Itxurazaleok! Zuetariko nork ez dau zapatuz idia nahiz astoa kortatik askatzen eta ura edatera eroaten? Eta Abrahamen ondorengo dan honi, hamazortzi urtez Satanasek lotuta euki dauan honi, ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?»
Berba honeekin, lotsatu-lotsatuta geratu ziran Jesusen arerio guztiak; jentetza, ostera, pozik egoan harek egiten zituan gauza miragarri guztiakaitik.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →