Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIX. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Joan de Capistrano Santua (Aukerako Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da.

Senideok: Ez da kondenazinorik Jesu Kristogaz bat diranentzat. Izan be, Jesu Kristori esker, bizia emoten dauan Espirituaren legeak askatu egin zaitu pekatuaren eta heriotzaren legetik. Legeak giza ahuleriagaitik ezin ebana Jainkoak egin dau, hau da, gurea lako pekatuzko izaeran bialdu dau bere Semea, eta honek, bere burua parkamen-oparitzat eskeiniz, kondenatu egin dau pekatua bere giza izaera hilkorrean. Honan, bete geinke legeak eskatzen dauana, ez gara-eta giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baino.

Giza grinen arabera bizi diranek gogoa be halakoa dabe; Espirituaren arabera bizi diranek, barriz, gogoa be Espirituarena. Giza grinei jarraitzeak heriotzara daroa; Espirituari jarraitzeak, barriz, bizira eta bakera. Izan be, giza grinei jarraitzen deutsienak Jainkoaren aurkako dira; ez dabe nahi eta ez dira gauza be Jainkoaren legeari obeditzeko. Horregaitik, grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zarie grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da-eta.

Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilda egon arren, zuen espirituak badau bizia Jainkoaren salbazino-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziarazoko dau zuen gorputz hilkorra be, zuengan bizi dan Espirituaren bitartez.

R/ Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/. Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,

mundua eta bertan bizi diranak,

harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,

harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/. Jaunaren mendira nork igongo?

Haren toki santuan nor egongo?

Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,

sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/. Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,

justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.

Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,

Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

Bihotz-barritzen ez bazarie, guztiok era berean galduko zarie.

Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuri gertatuaren barri emotera: zelan Pilatok hil zituan, eskeintzen ziharduen oparien odolarekin hareena nahastuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste ete dozue galilear hareek gainerako galilearrak baino pekatariagoak zirala, holako heriotza izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, danok galduko zarie era berean.

Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste dozue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, era berean galduko zarie guztiok.

Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek ikondoa eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan iko bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutson mahastizainari: “Bada hiru urte ikondo honetara iko bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?” Mahastijagoleak, ostera, erantzun eutson: “Jauna, itziozu aurtengoz; bitartean, ingurua atxurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta osterantzean, ebagi”».