Pekatuaren menpetik askatuta, Jainkoaren esklabo eginak izan zarie.
Senideok: Giza erara berba egiten deutsuet, ulertzeko dozuen makaltasuna kontuan hartuz. Zeuen burua lizunkeriaren eta gaiztakeriaren zerbitzura jarri zenduen lehen, guztiz gaiztotzeraino; era berean orain, jarri zaiteze onaren zerbitzura, guztiz Jainkoarenak izan zaitezen.
Pekatuaren esklabo zinienean, ez zenduen onagaz loturarik. Eta zer frutu izan zenduen orduan? Orain lotsa be emoten deutsue ordukoak, heriotza dau-eta ondorio.
Orain, ostera, pekatuaren menpetik askaturik eta Jainkoaren esklabo eginik, guztiz Jainkoarenak izatea dozue frutu eta honek betiko bizia dau ondorio. Pekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak emoten deuskun dohaia, barriz, betiko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez emona.
R/ Zorionekoa Jaunagan itxarobidea jartzen dauana!
V/. Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesartzen be,
Jaunaren legean atsegin dauana baino,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.
V/. Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.
V/. Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzekoak dira.
Horregaitik, gaiztoak ez dira zutunik egongo auzian,
ezta pekatariak be zintzoen batzarrean.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.
Dana galdu neban eta dana zaborraren pareko jotzen dot, Kristo irabaztearren eta haregaz bat eginda bizitzearren.
Ez naz etorri bakea ekartzera, banaketa baino.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Lurrera sua ekartzera etorri naz, eta gurago neuke daborduko sutan balego! Heriotza-uretan urperatu behar dot, eta hau larria hori bete arte!
Munduari bakea ekartzera etorri nazala uste dozue ala? Bakea ez, banaketa baino. Ze, hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo dira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba erranaren aurka eta errana amaginarrebaren aurka».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →